Kataluniako erreferenduma izan dute hizpide gaur arratsaldean Laudion eginiko Ezohiko Udal Osoko Bilkuran. EH Bilduk aurkeztutako mozioa eztabaidatu dute bertan. Koalizioko kideek azaldu dute saiatu egin direla EAJrekin mozio bateratu bat aurkezten. “Hala egin dute Aiaran eta Artziniegan, baina hemen azkenean ez da posible izan”. EH Bilduko kideen ustez, euren mozioaren azken puntua da bi talde politikoen artean desadostasun gehien sortu ituena, puntu horrek baitio “Laudioko Udalak urriaren 1eko erreferendumeko emaitza errespetatuko duela”..
EAJren mozioa
EAJk erantzun du bere mozioa ez dela mozio alternatiboa, “Eusko Legebiltzarrean EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Ahal Duguren botoekin onartu zen berbera” delako. “Ez dugu aurkakotasunik bilatzen EH Bildurekin”, adierazi du Juanma Ibarretxe zinegotzi jeltzaleak, eta gaineratu du ez duela uste zalantzan jarri daitekeenik eurak erabakitzeko eskubidearen alde daudela.
PSEren jarrera
PSEko zinegotzia den Txaro Sarasuak, aldiz, Mikel Icetaren -Kataluniako Alderdi Sozialistako presidentea- adierazpena irakurri du. Katalunian “elkarrizketa serio bat” eman behar dela defendatu du, eta salatu du abiatutako erreferenduma “aldebakarrekoa eta legez kanpokoa” dela: “Arau ugari urratu egiten ditu”. Hortaz gain, Sarasuak salatu du EH Bilduk ezohiko plenoa “inposatu” egin duela.
Omniaren jarrera
Hori egitea leporatu dio baita Omniak Udal Gobernuari. “Botere gehiegikeriaz baliatu da ezohiko pleno bat deitzeko bere mozioa eztabaidatzeko”, salatu du Alvaro Barrios zinegotziak. Hala ere, Barriosek azpimarratu du bere alderdiak beti defendatuko dutela erabakitzeko eskubidea. “Baina hemen eztabaidatzen ari garena ez da hori, bi alderdik -EAJk eta EH Bilduk- erabakitzeko eskubidearen gainean duten posizionamendua baizik”. Horregatik abstenitu da bi mozioetan.
PPren jarrera
PPko zinegotziak, bere aldetik, bi mozioen aurka egin du. “Laudio hobetzeko hautatuak izan gara. Horrelako mozioak tokiz kanpo daude”, nabarmendu du.
Laudion bizi den kataluniar batek ere hartu du hitza plenoan. Katalunian gertatzen ari diren errepresio kasuak salatu eta aurrera ateratzen ari diren ekimen politikoak azaldu ditu laburki.
EAJren mozioa gailendu da plenoan. EH Bildurena bozkatu dute lehenbizi, baina EAJk, PPk eta PSEk aurka egin dute eta, ondorioz, ez da aurrera atera. Jeltzaleenak, aldiz, EH Bildukoen babesa jaso du baita, eta onartua izan da horrela.