“Erreferenduma gauzatzeko egin behar dena egitera aterako naiz igandean kalera”

Erredakzioa 2017ko ira. 29a, 14:06

Laudion bizi da Tania Miró Porterés. / aiaraldea.eus

TANIA MIRÓ PORTERÉS kataluniarra da, baina urteak daramatza Laudion bizitzen. Bartzelonan dago orain, erreferedumaren aldeko antolakuntzan parte hartzen.

Aiaraldean bizi arren, kataluniarra zara. Nola ari zara bizitzen azken asteetan han gertatutakoa?
Bartzelona eta Laudio artean nago orain bizitzen. Diadaren egunetik daramat Katalunian. Horregatik aukera izan dut azken egunetako gertakari guztiak zuzenean bizitzeko, urriaren 20ko mobilizazioak hasi zirenean batez ere, Guardia Zibila Generalitateko goi-kargudunak atxilotu eta kontseilaritzen aurrean jarri zenean, eta CUPen egoitzan sartzeko saiakera egin zuenean.

Egun horretatik aurrera hasi zen salbuespen egoera eta mobilizazioak ugaritu ziren. Ilusioarekin bizi izan nituen egun horiek, atzera pausorik eman ezin daitekeenaren ziurtasun eta indarrarekin, irabaziko genuela zioen sentimendu kolektiboarekin.


“Gauero egiten dira kazeroladak eta karteladak, zeintzuetan jende antolatua zein espontaneoki agertutakoa ateratzen garen kalera, etxean inprimatutako kartelekin”

Astebetean biderkatu egin dira elkartasun guneak, ekintza kolektiboak eta urratzen ari diren eskubideen defendatzeko taldeak. Unibertsitateak okupatu dira, baina ez dira ikasleak soilik atera kalera: suhiltzaileak ere antolatu dira erreferendumaren defentsarako batzordeetan, hainbat hiri eta auzotan.

Gauero egiten dira kazeroladak eta karteladak, zeintzuetan jende antolatua zein espontaneoki agertutakoa ateratzen garen kalera, etxean inprimatutako kartelekin. Zentsuratutako web-guneak berriz sareratu dira, nekazariak traktoreekin atera dira manifestatzera, Impressors per la democracia plataforma sortu da bozkatzeko paperak inprimatzeko, demokraziaren aldeko mahaia eratu da...

“300 urte daramatzagu ordezkatzen ez gaituen gobernu baten menpe”



Zer iritzi duzu Kataluniako prozesuari buruz?
Nire ustez 300 urte daramatzagu ordezkatzen ez gaituen gobernu baten menpe. 2010etik hona  mugimendu independentistak bere oinarri soziala handitu du. Azken asteetako errepresioa eta eskubideen urraketak eragin duen gauza bakarra izan da dudatan -edota aurka- zegoen jendea geroz eta argiago ikustea bide bakarra erreferenduma antolatzea dela, iritzia eman ahal izateko.

Izan ere, argi geratu da gobernu zentraletik ez dela elkarrizketarako inolako aukerarik eskaintzen. Segurtasun indarrak ateratzen dituzte erreprimitzeko, atxiloketak egiteko, biolentzia ezartzeko, hauteskunde eskolak prezintatzeko, webguneak ixteko eta herri kataluniarraren funtsezko eskubideak urratzeko. Guk, bitartean, gure etorkizuna modu baketsuan erabakitzeko prozesu kolektiboa antolatzen dihardugu.

“Euforia kolektiboak aurrera jarraitzea espero dut, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko”


Igandean izango da erreferenduma, zer nolako erantzuna espero duzu?
Herri alai, batu eta borrokalari baten erantzuna! Herria kalera ateratzea espero dut, azken hamarkadetan egiten egon garen moduan. Energiarekin, ilusioarekin eta iritzia eman eta gizartea eraldatzeko gogoekin. Euforia kolektiboak aurrera jarraitzea espero dut, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko.


“Ezingo dut botoa eman, Laudion erroldatua nagoelako. Baina nire energia guztia eskainiko dut erabakitzeko eskubidea defendatzeko”


Zer plan duzu iganderako?
Erreferenduma gauzatzeko egin behar dena egitera aterako naiz kalera: babesa eman, eutsi, manifestatu... Zoritxarrez, ezingo dut botoa eman, Laudion erroldatua nagoelako. Baina nire energia guztia eskainiko dut erabakitzeko eskubidea defendatzeko.

Unean uneko beharrean arabera antolatuko dut nire igandeko plana, baina argi dago goizeko lehen ordutik aterako garela kalera. Bizi naizen auzotik egun osoa emango dut antolakuntzan, babesean, berrikuspenean...

Zer dute komunean Herrialde Katalanek eta Euskal Herriak?
Logikoa denez, gauza asko ditugu komunean Espainiaren menpe gauden herriok. Estatuaren errepresioa jaso dugu gure askapen nazional eta sozialaren alde borrokatzeagatik. Ez dugu diktadura frankista soilik bizi izan.

Oraingo sasi-demokraziak ere jazarri egin ditu gure identitateak, kulturak eta aske izateko grinak.  Metodoak aldatu dituzte, eta basquitis izatetik katalanitis izatera pasa dira. Beti ikusi dugu herri baten pausoek bestearenak baldintzatzen dituela, eta elkarren arteko laguntzak ahalbidetzen duela garaipena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide