Aurtengo San Roke Jaien balorazioa plazaratu du Laudioko Txosna Batzordeak. Batzordetik eskerrak eman nahi izan dizkiete txosnagunea martxan egoteko auzolanean aritu diren pertsonei. “Egunero bataz beste 60 bat lagunek hartu dute parte modu boluntarioan txandak egiten zein txosnaguneko antolakuntza lanetan”. Oholtza gainera igo diren artistei edota “barraren beste aldean” aritu direnei ere eskertu diete euren ekarpena.
Batzordetik adierazi dute “agerikoa” dela emandako jauzia, “programazio indartsu eta beteagoa” aurkeztu dutelako: “Betidanik kontzertuak izan dira gure indargunea, baina herriko beste talde batzuekin elkarlanean ekintza ugari gauzatu ditugu, kultur eskaintza zabaltze aldera: bertso saioak, odoloste eguneko herri bazkaria, antzerkia, haurren ikuskizunak...”.
Positiboki baloratu dituzte baita eginiko koordinazio lanak: “Esaterako, Herriko plazako emanaldiak bukatu arte ez dira Aldai plazako kontzertuak hasi. Gauzak horrela, deia luzatu nahi genuke herriko edozein elkarteri haien ekimenak bertan antolatzeko, espazio irekia baita”.
"Finantzaketa apustu sendoa"
Batzordetik azpimarratu dute “finantzaketa apustu sendoa” egin dutela hori guztia aurrera ateratzeko, eta nabarmendu dute udalak % 25 baino gutxiagorekin laguntzen duela diruz txosnaguneko egitaraua, “pilatutako jendearen ekarpenari esker eskuratzen da beste guztia”.
Parte hartzeko aukera irekita
Egun, zazpi taldek osatzen dute batzordea: Laudioko Kirikiño aisialdi taldeak, Gure Aukera Elkarteak, Laudioko Gazte Asanbladak, Ernaik, Altzarrate emakume futbol taldeak, Jaiak Koordinakundeak eta Aiaraldeak. Baina ateak zabalik daude herriko beste edozein norbanako edo kolektibori: “Harremanetan jartzeko bi modu daude: laudiokotxosnak@gmail.com helbidera mezua idaztea, edota twitter zein facebook (@laudiokotxosnak) sare sozialen bidez kontaktatzea”.
Asanblada erabakiorra
Jaien kudeaketari begira duten iritzia plazaratu dute baita batzordeko kideek: “Jaietako asanblada erabakiorra izatea eskatzen dugu. Parte hartzeak denak jartzen gaitu maila berean, botere harremanetatik at”. Horregatik, festak antolatzeko ereduari “buelta” eman behar zaiola uste dute. “Jaietan egotetik, festak egiteko urratsa eman behar da”.