Europako Sokatira Txapelketan egon zen Olga Artiñano iragan astean, Ingalaterran. Bi finalerditara iritsi zen taldearekin, eta laugarren geratu ziren 520 eta 560 kiloko kategorietan.
Hala ere, kirolari laudioarra ez dago pozik lortutako emaitzekin. “Marka txarrak dira”, adierazi du, “normalean medailaren bat eramaten dugu etxera”. Bere hitzetan, emaitza kaskarrak lortu dituzte Euskal Herriko sokatira taldeek azkenaldian. “Zergatik izan daitekeen aztertzen ari gara, urte osoa daramagu gogor entrenatzen eta”.
Hegoafrikara so
Edozelan ere, datorren astetik aurrera erronka handiago bati egin beharko dio aurre Artiñanok: Munduko Txapelketarako prestaketari helduko diote. Hegoafrikan jokatuko da norgehiagoka hori datorren urtean. “Indartsu eutsi beharko diogu, han ez baitituzte medailak oparituko”.