Aldaiko taldea, Patin Egunaren bidez zaleak irristatzeko prest

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko urr. 19a, 09:00

Iazko partaidetza kontuan hartuta 100-200 lagun espero dituzte antolatzaileek. / Lorea Galnares

Urriaren 22an egingo dute Laudion VII. Patin Eguna. Kirola ezagutzera ematea da helburua.

Euskal Herriak zazpi alaba edo probintzia baditu, horiek eta gehiago batzen ditu irristaketak; Aiaraldean bederen. Horren adierazle dira Laudion zein Amurrion antolatzen diren Patin Egunak. Txetxu Urkijo Laudioko Aldaiko Irristaketa taldeko kidearen arabera, zale asko ditu inguruotan kirolak. Horien guztien topaketa izango da urriaren 22ko festa. Besteak beste, patin-ibilaldiak eta irristaketa erakustaldiak egongo dira.

Ibilbide ezberdinak
10:30ean hasiko dute Laudioko VII. Patin Eguna. Izen-ematea izango da aurreneko ekintza, bi zeharkaldi egingo baitituzte Laudiotik barrena. 11:00etan abiatuko da zirkuitu txikia. Urkijok aurreratu duenez, bi kilometro izango ditu: "Aldai plaza izango da abiapuntua eta helmuga ". Ordu erdi beranduago ekingo diote ibilaldi nagusiari, 10 kilometroko bideari aurre eginez.

Lehendabiziko txangoak herrigunea izango du ardatz. Bigarrenak, aldiz, Gardea, Areta eta Ugarte auzoak batuko ditu. Antolatzaileek adierazi dutenez, ez dute aparteko zailtasunik izango probek; eta, beraz, edonork ahalko du parte.

"Helburua kirola ezagutaraztea da", dio Urkijok. Praktikatzeko ez ezik, ikusteko aukera eskainiko dute. Izan ere, 12:15etan hainbat erakustladi eogngo dira. Batetik, "Inline bidezko irristaketa artistikoa" egongo da, baita patinaje artistikoa ere. Aurreneko ikuskizunean Ainhoa Galdeano eta Aldaiko Irristaketa KT ariko dira nor baino nor; eta bigarrenean  Laudioko Lautxirrinka Kirol Kluba.

Irristaketa agresiboa ere hurbilduko dute plazara. Horretarako Bilboko Bladers Kluba gonbidatu dute. Ondoren, oparien zozketa egongo da. Antolatzaileek parte hartze handia espero dute, iaz ehundik gora lagun elkartu baitziren. Amurrioko Patin Egunean ere -iazko abenduan- makina bat lagun bildu ziren iaz.

Asteburuetan ikastaroak
Irristaketan aritzeko gogoa duenarentzat, besoak zabalik dituzte Laudion. Hain zuzen, astebururo elkartzen dira Aldai plazan; larunbat goizetan. Horrez gain, Eskola Kirolen baitan, ikastetxeetako haurrekin ere egiten dute lan: "Azken urteetan eskolaz kanpoko ekintza gisa landu dugu. Ikastetxe askotan dago aukera, baina normalean zailena monitorea topatzea da". Hemendik kanpo erakustaldiak antolatzeko joera handiagoa dago, Urkijoren ustetan; Bilbon kasu.

Aldaiko, Amurrioko Patin Kluba, Lautxirrinka.... "Lehen bazen Laudiers izeneko beste talde bat", dio Urkijok. Beraz, estalguneak akaso bai, baina topalekuak ez zaizkie falta irristaketa zaleei. Patinekin ibili ordez, jauziak ikustea nahiago dutenek; ordea, larunbata arte itxaron beharko dute irristaketaren festaz gozateko.

 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide