Laudioko udal gobernuak positiboki baloratu ditu urrian eginiko auzo batzarrak. Parte hartzea “apur bat” igo dela adierazi dute, oraindik txikia den arren. “Parte hartze datuak ez dira onak”, aitortu du Jon Ander Altube alkateordeak, “zaila da parte hartzea sustatzea, emakume eta gazteen artean batez ere”. Hala ere, Altubek azaldu du “demokrazia zuzenaren adibide” izan dira bilera horiek; “udal osoari erantzunkizunak eskatzeko aukera izan da herritarrentzat”.
Kritikei erantzuna
Omnia eta Laudioko Podemosek eginiko adierazpenei erantzun die baita alkateordeak. Altubek azaldu du bi talde politiko horiek eginiko kritikak “asanbladak gauzatu baino lehen” plazaratutakoak direla. “Guk ez dugu aurretiazko baloraziorik egin, beste talde batzuek bezala”. Omniaren jarrera salatu du bereziki EH Bilduko kideak. “Talde horretako kideek uko egin diote udal ordezkari gisa jarduteari batzarretan”. Hori dela eta, asanbladak “talde politiko batzuen boikotaren gainetik” gauzatu direla nabarmendu du zinegotziak.