CEAR-Euskadik abiatutako ekimena da "Bizilagunak". Errefuxiatuei laguntza eskaintzen dien batzordea da CEAR eta zurrumurru xenofoboen kontrako eta kulturen arteko elkarbizitza sustatzeko egitasmoa da.
Bertan, mahai beraren bueltan jatorri eta kultura ezberdinetako lagunak eseriko dituzte azaroaren 19an Arabako etxeetan antolatuko dituzten bazkarietan. Iaz 39 herrialdetako ia 800 pertsona batu zituen ekimenak Araban.
Laudioko Gazte Asanbladak ere ekimenean parte hartuko du. Kultura anitzeko kideekin batera bizipenak partekatzeko aukera zabalduko da bazkarian. Bazkaria azaroaren 19an ospatuko dute, 14:30ean.
Plaza mugatuak daude. Izen-emateko zerrenda Keska tabernan utziko dute eskuragarri eta azaroaren 9an bukatuko da epea. Laudioko Gazte Asanbladaren helbide elektronikora (laudiokogazteasanblada@gmail.com) mezu bat igorrita ere egin daiteke izen-ematea.
