"Etxe Feminista Eraikitzen" ari direla eta, bilera irekia deitu dute biharko

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko abe. 14a, 14:09

Hainbat ekintza egin dituzte dagoeneko / Aiaraldea

Laudioko Etxe Feminista eraikitzeko lan-taldeak gaur arte emandako pausoen berri emango du. Bihar 18:30ean izango da hitzordua, Kultura Etxeko Arraño aretoan.

Udaberrian egin zituzten Laudioko Emakumeen Topaketak lehenbizikoz, eta hortik atera zen "Laudioko Emakumeen Etxea" eraikitzeko ideia. Egitasmoari forma emateko "Etxe Feminista Eraikitzen" taldea eratu dute geroztik, eta astero hamar bat pertsona elkartzen dira Kultura Etxean. Gaur arte egindako bidearen berri emango dute biharko hitzorduan. 

Proiektuaren nondik norakoak zirriborratzea dute helburu, herriak espazio feminista gehiago eduki ditzan. Talde motoreaz gain, hilero bilera irekiak egiteko asmoa dute, adierazi dutenez. Era horretan nahi dute parte hartzeko aukerak zabaltzea. Momentuz,  laudiokoetxefeminista@gmail.com posta elektronikoa jarri dute martxan, bileretako edukiak interesa duten pertsona guztiengana iritsi daitezen. Alabaina, sare sozialetara jauzi egingo dute aurki. 

Guzti horren eta aurrera begirako dinamiken berri emango dute biharko bilera. Feminismoari heltzeko inguruko emakumeak eta proiektuak ezagutzera bideratuko dituzte momentuz indarrak. 

Orain arte egindako ekintzak

Laudioko Emakumeen Topaketak egin zirenetik -udaberritik- hainbat dinamika egin dituzte, nahiz eta barne mailako lanetan zentratu diren batez ere.

Besteak beste, Parke Egunean irudikatu zuten sortzeko asmoa duten espazio feminista. Horrez gain, azaroaren 25aren harira -Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguna- moskeo kanpaina burutu zuten herrian. "-3 zenbakiarekin bete genituen paretak, Euskal Herrian 2017an hiru emakume gutxiago daudelako, indarkeria matxistak erail baititu", azpimarratu dute. Horrez gain, Laudioko zenbait emakumek jasandako indarkeria matxistaren testigantzekin osatu zuten murala, herriko plazan zintzilikatuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide