Isasiko lur erorketaren aurrean neurriak hartu ditu Udalak

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko abe. 29a, 11:16

Isasiko errepidea moztuta dago lur erorketaren ondorioz / Jose Maria Pedreira

Ibilgailuentzat itxita egongo da bidea segurtasun baldintzak bermatu arte. Egoera aztertzen badaude ere, ezbeharraren aurrekariak eta etorkizunean emango dituzten pausoak azaldu dituzte. 

Gregorio Marañon ikastetxearen aldameneko lurra erori zen errepidera atzo, Laudioko Ugarte auzoan. Lau ibilgailu txikitu zituen erorketak, eta emakume batek peronea apurtu zuen ezbeharraren ondorioz. 9:00ak aldean jaso zuten udalean gertaeraren berri, Amets Meatza zinegotziak azaldu duenez: "Udaltzainak, brigadako langileak, teknikariak eta lurra kentzeaz arduratuko den enpresa egon ziren atzo". Egoeraren eta konponketa lanen informazio zehatza emateko asanblada egingo dute  kaltetutako bizilagunekin urtarrilaren 3an, 10:30ean udaletxean.

"Espero dugu herritarra arin errekuperatzea eta kalte materialetan soilik geratzea kontua", adierazi du Meatzak. Aseguru etxeekin tramitazioak egiteari ekin diote dagoeneko.

 "Lehentasuna eremua babestea da orain, horregatik moztu dugu trafikoa eta oinezkoentzako bidea. Bizilagunek lorategien aldamenetik ateratzeko aukera izango dute". Segurtasun baldintzak eduki arte egongo da itxita, hots, lur guztia kendu eta arriskua bukatu arte.

Aurrekariak

Duela hiru hilabete egin zuten azterketa teknikoa eremu horretan. "Emaitzek ez zuten larritasunik edota arriskurik bistaratu. Edozelan ere, udaletik hormak hobetzeko aukerak aztertzeari ekin genion", aipatu du kezkatuta.

Gregorio Marañon hezkuntza zentroari ere eragiten dionez, Eusko Jaurlaritzarekin jarri dira harremanetan, lur jausiaren goiko partean baitago zentroko jolastokia. "Ikastetxera iristeko modua dago, baina etxebizitzetara heltzeko autoa inguruan aparkatu behar da, oinez bertaratzeko".

Arrazoiak eta erantzukizuna

Istripuaren arrazoiez galdetuta, eraikitzeaz arduratu zen promotorearen akatsa nabarmendu du Meatzak:"Duela hiru hamarkada eraiki zen horma, baina ez baldintza onenetan. Lau metroko pareta izan behar zen eta zortzikoa egin zuten". Alabaina, asteotako euriteen ondorio ere izan litekeela aipatu du zinegotziak. "Bizilagunek burdin gutxi zuela paretak esan ziguten, baina promotoreak egin zuenez, guk ezin izan dugu ezer egin". 

Egun, ordea, ardurak aldatu dira. Izan ere, urbanizazioaren mantenua udalaren gain geratu da; garbiketa, besteak beste. "Guk ez genuen exekutatu baina udalari dagokio gaur egun obrari aurre egitea", azpimarratu du.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide