Konturatu gabe eraso sexista baten partaide pasiboa bihurtu nintzen.
Gabon Zahar gauaren ostean izan zen. Pintxo batzuk jaten nengoen bitartean gertatu zen. Bi mutil (bata heldua eta bestea gaztea) neska baten titien tamainaz barrezka zeuden.
Ordaintzen nengoen bitartean ohartu nintzen beraien tirabiraz. Begiratu nuen. Neskaren titien tamainari ere. Orduan, eskua ahozapi batekin garbitzen nengoela, gazteak esan zidan barrezka: “Tirasela haber si encestas”. Orduan bai, neskaren espresio hotzari erreparatu nion. Gertatzen ari zena gaizki zegoela ohartuz nire jarreraren kontzientzia hartu eta ezer esan eta egin gabe kanbioak hartu eta taberna utzi nuen.
Bart gauean, loak hartu ezinik nengoela pasadizo hori etorri zitzaidan burura. Nere jokabidearen kritika zorrotza egin nuen. Goizean jarrera nahiko positiboa eduki nuen, baina gauean nire jarrera pasiboak nazka eman dit. Neska horren aurpegi hotza etorri zait burura. Bere barnean ezintasuna eta “barreen objektua” izateak dakartzan sentimenduak. Eta gauza hori ulertuta nola ez kritikatu nire burua?
Zergatik ez nuen ezer esan? Zergatik ez nien esan titi handi batzuez barre egitea belarri handi batzuez barre egitea bezain zentzugabea dela? Edo zergatik ez nien esan euren jarrerak txarto sentiarazten gintuela neska, ni eta taberna guztia? Nahiz eta parrandan ibili, eurena jokabide sexista da; eta, hortaz, eraso sexista.
Badakit zeintzuk izango ziren beraien erantzunak: “¿Que te importa lo que me parece gracioso? Contigo no va la cosa. Dejame, no es tu problema”.
Eta hor utzi nahi ditut nire buruhausteak, jarrera kontzienteaz harago joan beharra dugulako. Eraldatzeko, gertatzen diren erasoei aurre egin behar diegulako. Feminismoa gizonengan ez delako egon behar bakarrik era pasiboan.
Feminismoan gizonezkoek gure ardurez kontziente izan behar dugulako. Espazio mistoak zaindu behar ditugulako eta espazio mistoak bultzatu behar direlako. Subjektu sozialak baikara, gizonezkoak eta emakumezkoak, gizartea eraldatzeko gaitasuna daukagulako biak.
Eraso sexistekin amaitzea ez litzatekeelako izan behar urte berrirako desira, sistemarekin amaitzea izan beharko litzatekeelako.