Lehenengo aldiz egon zara Euskadiko Selekzioarekin, nolakoa izan da esperientzia?
Polita eta gogorra. Aldapa, ura eta lokatz pilo egon da. Korrika egin du kataluniarrekin, portugaldarrekin, alemaniarrekin... 20 lehen sailkatuen artean geratu naiz.
Gehiago arituko zara selekzioarekin?
Printzipioz, nazioarteko lasterketa gehiago egongo balira, selekzioarekin egingo nuke.
Espero zenuen selekzioak zu deitzea?
Ba ez. Nik korrika egiten dut kirola egitea gogoko dudalako. Ez nuen batere espero. Nire helburua da jarraitzea kirola egiten eta nire taldearekin: Laudio Atletismo taldea. Oso harreman ona daukagu bertako kideen artean. Entrenatzailea oso jatorra da eta familia txiki bat gara.
Eta herriko taldearekin zein da zure hurrengo helburua?
Euskadiko Txapelketarako ari gara prestatzen. Amurrion izango da.
Igeriketa ere egiten duzu, nola hasi zinen kirol horretan?
Igeriketa egiten dut, baina nire kabuz. 4 urte nituenetik praktikatzen dut eta ez diot inoiz utzi entrenatzeari, baina ez dut gogoko lehiatzea.
Hau guztia oso kontraesankorra da, azken finean, atletismoan lehiatzen ari bainaiz. Baina atletismoan aritzeko, esan zidaten derrigorrez lehiaketetan parte hartu behar nuela.
Zergatik ez duzu lehiakortasun grina hori?
Ez zait erakargarria egiten. Ez dakit. Gogoko dut korrika egitea korrika egiteagatik, leku berrietara joateko, lagun artean...
Ez dut atsegin irabaztera soilik joaten den jendea ikustea.
Ezberdintasun handia sumatzen duzu igeriketaren eta atletismoaren artean?
Niretzat ezberdintasun nagusia da atletismoan lehiatzen naizela eta horrek dakar entrenatu behar dudala.
Hori gogorragoa da. Esaterako, egun hauetan hotz egiten du, goiz iluntzen da eguna, ura eta lokatza edonon dago...
Igeriketan, ordea, beti entrenatzen duzu egoera berean; leku estali batean eta ur beroarekin. Igeri egiteko beharrezkoa da ere borondate handia eta konstantzia, ez uztea.