Laudioko EAJ-PNVk prentsa-oharra plazaratu du adierazteko bat egiten duela Gabonetako Haur Parkea kiroldegian kokatzearen eskariarekin.
Jeltzaleek azaldu dute eurek hartu zutela umeentzako aisialdi eskaintza hori Granja kiroldegian eskaintzearen erabakia. “Badirudi espazio hori jarraitzen duela izaten jarduera horretarako egokiena”. Hori dela eta, EH Bilduren “esperimentuek” porrot egin dutela nabarmendu dute. “570 sinadura bildu dira dagoeneko, baina dozena batzuk aski izan beharko lirateke Gabonetako ekintza erakargarrienetako bat dena baldintza egokietan egiteko”.
Gaur landuko dute gaia udaleko Kultura Batzordean. Udal gobernuak iragan ostiralean aurreratu zuen ideia ona iruditzen zaiola parkea Aldai plazatik kiroldegira mugitzea.