Amets Meatza zinegotziak azaldu du hainbat aukera ikertzeari ekin diotela Sugarrak saskibaloi taldearen eskaerari erantzuteko. “Irristatzen ez duen zorua izatea eskatzen dute, eta horretarako ez da nahitaezkoa lurzorua aldatzea”, azaldu du udal-ordezkariak, “garbiketa produktua aldatuta konpondu ahalko litzateke. Hori aztertzen ari gara garbiketaz arduratzen den enpresarekin eta zorua jarri zutenekin”.
800 sinadura baino gehiago
Sinadura bilketa abiatu zuen Sugarrak taldeak udalari Granja kiroldegiko kantxaren zorua aldatzea eskatzeko. Arrakasta izan du ekimenak, 800 sinadura baino gehiago bildu baitituzte egun gutxitan.
Saskibaloi taldeko kideek azaldu dute orain dagoen zorua irristakorra dela eta horrek hainbat arazo sortzen dituela egiten dituzte entrenamendu eta partidetan. “Urte asko daramatzagu bizi dugun egoeraz kexatzen, baina udalaren partetik ez dugu erantzunik jaso”, salatu dute.
Meatzak, bere aldetik, ziurtatu du tokiko erakundeak erantzun diela eginiko kexei, "behin betiko soluzioa da orain arte lortu ez dena".