EH Bildu: "Ez dugu Mercadona blokeatu, baina ez diogu alfonbra gorria jarri"

Erredakzioa 2018ko urt. 26a, 11:56

EH Bilduko ordezkariak Laudioko Udalean. / Aiaraldea.eus

EH Bilduko bozeramaileak adierazi du ez dutela ezer egin eragozteko Mercadona enpresak negozioa irekitzea herrian. Baina, aldi berean, gaineratu du ez diotela aparteko erraztasunik eman.

Halaber, gogoratu du proiektua ez dela euren ardura bakarrik, baizik eta alderdi guztiek bozkatu beharko dutela udalbatzan.

Ostiralero egiten duen prentsaurrekoan erantzun dio udal gobernu taldeak EAJko oharrari, kazetariek galdetuta. EH Bilduko alkateordea den Jon Ander Altubek azaldu du ez diotela trabarik jarri Mercadona enpresari eta ohiko prozedura jarraitzen ari direla.

Hori bai, koalizioaren ordezkariak argitu du merkatalgune handien eredua ez dela eurena eta, ondorioz, ez diotela tratamendu berezirik eman Mercadonaren egitasmoari.

HAPOren aldaketa
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatu behar dute Mercadonak baimena izan dezan supermerkatua irekitzeko Tubacex enpresako lantegiaren eta suhiltzaileen eraikinaren artean. Hau da, orain zoru industriala dena, merkataritzarako zorua bilakatu behar da.

Horretarako, udal gobernuak osatutako proposamena bozkatu beharko dute udalbatzan.

Jon Ander Altubek gaineratu du atzerapena datorrela gainerako alderdiek ez dietelako eman iritzirik proposamena osatzeko: "Azken batzordea astelehenean izan zen eta oposizioak ez zuen ezer adierazi".

Gauzak horrela, espedientea bukatu dute, eta proposamena zehaztu bezain laster, udal osoko bilkuran bozkatuko da. EH Bilduk iragarri du ez duela alde egingo, baina gehiengoak erabakitakoa onartuko duela.

Merkatari txikiak eta enplegu kalitatea
Aldiz, EH Bilduk aldarrikatu du bestelako herri eredua, merkatalgune handietan oinarrituta ez dagoena, baizik eta merkatari txikietan: "Mercadona heltzen bada, lanpostuak sortuko ditu, baina kontua da zenbat denda txiki itxiko diren eta zer nolako enplegua ekarriko duen".

Horrez gain, Jon Ander Altubek azpimarratu du merkatari txikiek herrigunea pizten dutela eta herriko bizitza ehuntzen dutela, kanpoko aldean dauden supermerkatuek ez bezala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide