Granja kiroldegiaren erabilera datuak plazaratu ditu Laudioko Udalak. Tokiko erakundeak jakinarazi du igo egin zela erabiltzaile kopurua 2017an; 150.463 erabiltzaile egon dira guztira, 2016an baino 9.880 gehiago. “4.000 abonatu egon dira guztira, herriko biztanleriaren % 20”, gaineratu du Amets Meaza zinegotziak.
Beste hainbat datu ere eman dituzte: erabiltzaileen %56 gizonezkoak dira eta %44 emakumezkoak. Bisitarien %65 18-60 urte bitartekoa da eta gehienak -%52- arratsaldez bertaratzen dira kiroldegira, 17:00etatik 22:00etara bitarteko ordutegia baita gehien erabiltzen dena.
Egunik jendetsuena, aldiz, urriko igande bat izan zen: 821 pertsona bertaratu ziren guztira.