Obrak egingo ditu Laudioko Udalak herriko zenbait kirol azpiegituretan. Alde batetik, San Martingo aldagelak berritu eta Ellakurikoak handituko dituzte. “Hilabeteak daramatzagu horretan lanean”, jakinarazi du Amets Meatza zinegotziak, “datozen asteetan aurkeztuko diegu proiektua bi futbol zelaietako erabiltzaileei”. Udan egingo dituzte lanak.
Tenis kantxa estaltzeko prozesua abiatuko dute baita ere. “Proiektua osatuko dugu eta inguruko lurraldeen jabeekin hitz egiten hasi behar gara, eraikinera sartzeko egongo diren sarbideak adosteko”.

Zenbat lan egingo dituzte baita ere Ellakuriko igerilekuetan. Kafetegiaren gunea berrituko dute eta atzeko sarrera atondu, sarbide nagusi gisa funtzionatu dezan. Igerileku handiko zorua aldatu eta argiteria hobetu nahi dituzte baita ere. Obra horiek ekainerako amaitzea aurreikusi dute.
