Kultur sorkuntza Aiaraldean

Kalakan taldearen bideoklip berria zuzendu du Esti Urresolak

Txabi Alvarado Bañares 2018ko ots. 20a, 07:00

Esti Urresolak zuzendu du Ipar Euskal Herriko Kalakan perkusio taldearen bideoklip berria. “Taldeko kideak jarri ziren nirekin harremanetan”, azaldu du zinemagile laudioarrak, “nire lanak gustuko zituztela esan zidaten eta euren azken diskoa -Elementuak izenekoa- pasa zidaten, esan nezan bertako zein abestiren bideoklipa egin nahiko nukeen”.

Diskoko hamalau abestiak entzun eta Hombarerimbon kanta aukeratu zuen Urresolak, hainbat arrazoiengatik. “Misterioa iradokitzen zidan eta hizkuntzari dagokionez erreferentzialtasuna galtzen zuen. Bazuen mantra puntu bat ere, oso iradokitzailea”.

Bideoaren identitatea osatzen
Horrela hasi zen lanaren estetika zehazten. “Oso argi izan nuen hasieratik zuri beltzean eta kamara geldoa baliatuta egingo nuela, atenporalitatean kokatu ahal izateko”. Hainbat elkarrizketa egin zituen taldeko kideekin, “euren izaeraren berri izateko”. Hortik atera zituen grabaketa egiteko “funtsezko ideiak”. “Ikusi nuen eurentzat jatorriak, lurrak eta Euskal Herriarekiko atxikimenduak garrantzi handia zutela”. Horregatik erabaki zuen bideoa Sara inguruan grabatzea, “taldekideen identitatearekiko koherentzia mantentzeko”. Ipar Euskal Herrian barrena bidaiatu zuen taldekideekin, eta bisitatu zituzten toki guztietatik aukeraketa bat egin zuten.

Eskuak dira bideoaren protagonista nagusiak. “Taldekideetako baten aitak 'eskuahaldun' hitza erabiltzen du euskaldun ordez. Asko gustatu zitzaidan hitz-elkarketa hori: 'esku' eta 'ahaldun'en artekoa, euskaldunak edozertarako gai garela adierazteko balio du”.

Euskal Herriko jakituriaren transmisioa irudikatu nahi izan du Urresolak modu horretan. Elementu asko agertzen dira bideoan: zuhaitzak, sua... “Esanahien kate bat” osatzen da elementu horiek lotuaz, Urresolak azaldu duenez. “Bideoko protagonista den neskak egurraren marrei begira ezagutza jasotzen du, eta ikusten du bere eskuetan ere marra horiek dituela”.

Zeresan handia eman duen taldea da Kalakan, Madonna abeslari estatu batuarrarekin hainbat kontzertu eskaini dituelako bati-bat:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide