31.001 euroko diru-laguntza jaso du Laudioko Tokiko Garapen Agentziak Eusko Jaurlaritzaren Hirigune programaren bidez. Hainbat ekintza egiteko baliatuko dute diru hori, tokiko merkataritza sustatzeari begira.
Mural bat egitera bideratuko dituzte 18.183 euro. Udaletxearen atzeko paretan -Aldai plazara begira dagoena- egingo dute margolana, aurten. “Zer material erabili eta zer nolako irudia egin pentsatzen ari gara”, azaldu du Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak, “uste dugu inpaktu bisuala asko hobetuko dela, orain dagoen laranja kolorea ordezkatuaz”.
Zinegotziak azaldu du baloratu dutela ere murala beste pareta batzuetan egiteko aukera, baina udaletxetik hastea erabaki dute, “eraikin publikoa delako”. Hala ere, datozen urteetan antzeko beste lan batzuk egiteko asmoa dute, herriko beste toki batzuetan.
Lonjen itxura hobetzeko bigarren fasea, abian
Merkataritza-lonja hutsen estetika hobetzera bideratuko dituzte diru-laguntzaren beste 12.818 euroak.
“Iaz jarri genuen abian horretarako plana”, azaldu du Cerrillok, “oso harrera ona izan zuen lonjen jabeen partetik, eta begi-bistakoa da izan duen eragina”. Planean parte hartu zuten lokal komertzialetako bi laster erabiliak izango direla azpimarratu du zinegotziak, “horietako batek, gainera, urte asko eman du itxita”. Gauzak hala, beste 8-10 lonjen kanpo-itxura hobetuko dute aurten.