Gaurko Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatu da Mercadonak Laudion saltokia irekitzeko onartu beharreko puntua. Gehiengoa lerrokatu da Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren -HAPO- moldaketa puntuala egitearen alde, EH Bildu izan da abstenitu den bakarra.
Aldaketa eginda, zoru industriala izatetik lur komertziala izatera igaroko da supermerkatua barne hartuko lukeen pabilioia. Aldaketa hori gabe Mercadonak ezingo luke eraikin hori saltokia jartzeko baliatu.
Eztabaida sutsua egon da udalbatzan. Omniak salatu du beste hainbat lur daudela herrian erregularizatu gabe. EAJk bat egin du alderdi independentearekin, eta gaineratu du Mercadonaren balizko irekierak “Laudio mapan kokatzeko” balio dezakeela. Txaro Sarasuak, bere aldetik, nabarmendu du internet dela “tokiko merkatarien benetako etsaia”.
EH Bilduk gogor kritikatu ditu oposizioko alderdien jarrerak. “Guk nahi duguna da herritarrek non erosi aukeratzeko parada izatea”, azaldu du Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak, “eredu honi helduz gero, 15 urte barru ez da aukerarik egongo, proiektu horrek tokiko merkatari eta ekoizleak irentsiko dituelako”.