Mercadonaren balizko irekieraren aurrean, kartak mahai gainera

Txabi Alvarado Bañares 2018ko urt. 29a, 19:18
Tresmarfil enpresa zegoen pabilioian jarri nahi dute Mercadonaren saltokia. / Aiaraldea.eus

Mercadonaren Laudioko saltokiaren proiektua atzeratzea leporatu dio EAJk EH Bilduri. Koalizioak Udal Osoko Bilkurara eramango du supermerkatuaren irekiera ahalbidetuko lukeen puntuaren bozketa, eta alderdien gehiengoaren borondatea errespetatuko du. Talde politikoek zein merkatari elkarteek plazaratu dute gaiarekiko duten iritzia.   

Soka luzea ekarri du EAJk Mercadonaren balizko irekiera dela eta plazaratutako prentsa-oharrak. Supermerkatu-kateak Laudion saltokia jartzeko proiektua atzeratzea leporatu zion alderdi jeltzaleak EH Bilduren gobernu taldeari. Proiektuak “aldeko txosten guztiak” dituela ziurtatu zuten; “baina udal-gobernu taldeak kaxoi batean ahaztuta utzi du”.

Horregatik, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren -HAPO- moldaketa puntuala plenora eramatea eskatu dute jeltzaleek. Moldaketa horren bidez zoru industriala izatetik lur komertziala izatera pasako litzateke supermerkatua barne hartuko lukeen pabilioia. Tresmarfil enpresa zegoen tokian dago eraikin hori, Suhiltzaileen eta Tubacex lantegiaren artean. 1740 metro koadroko azalera du, eta 1.800 metro koadroko aparkalekua dauka alboan.

 

EH Bildu da proiektuaren alde ez dagoen talde politiko bakarra; Omniak ez du bere iritzia plazaratu oraindik

 

EH Bilduren erantzuna
Iragan ostiralean eginiko prentsaurrekoan erantzun zien EH Bilduk EAJk eginiko adierazpenei. Koalizioak azaldu zuen ez duela eragotziko Mercadonak herrian saltokia irekitzea, baina “alfonbra gorria” jarriko ez diotela gaineratu zuen. Izan ere, talde politikoak merkatari txikietan oinarritutako herri eredua defendatzen du: “Mercadona heltzen bada, lanpostuak sortuko ditu, baina kontua da zenbat denda txiki itxiko diren eta zer nolako enplegua ekarriko duen”.

Gauzak hala, EH bildu abstenitu egingo da HAPOaren moldaketaren bozketan, baina gehiengoak erabakitakoa onartuko du.

Iritzi guztiak mahai gainean
Proiektuaren aldekoa da udalean ordezkaritza duten gainontzeko taldeen iritzia. Iñigo Pedruzok uste du Mercadonaren irekierak “lanpostuak sortzeko” eta “ekoizle txikien produktuei” aterabidea emateko balio dezakeela. “Elikadura sektorea liberalizatu beharra dago, eskualdean gaur egun nahiko monopolizatua baitago”, adierazi du PPko zinegotziak.

Antzeko iritzia dute PSE-EEko kideek. Merkatari txikientzako onuragarria izan daitekeela uste dute, supermerkatuak beste perfil batzuetako pertsona erakarriko dituelako. “Udalak erraztasunak jarri beharko lituzke saltokia ireki dadin”.

Txaro Sarasua ere mintzatu da gaiaren inguruan, sare sozialak baliatuta. “Erabat ados nago EAJk planteatutakoarekin, Laudiok garapena behar du”, adierazi du gaur egun Talde Mistoan dagoen zinegotziak.

OMNIA da gaiaren inguruan jarrera publikorik hartu ez duen talde bakarra. “Udalaren txosten teknikoaren zain gaude, ordura arte ez dugu iritzirik plazaratuko”, azaldu du Nerea Gonzalez zinegotziak. Alderdi honek proiektu osoa baldintzatu dezake, gehiengo absolutua behar delako HAPOaren moldaketa onartzeko.

 

Merkatari elkarteek “jarrera neutroa” hartuko dute

 

“Jarrera neutroa”
Eskualdeko merkataritza eta ostalaritza elkarteek, euren aldetik, “jarrera neutroa” hartuko dute piztutako eztabaidaren aurrean. “Ezin gara ez alde ez kontra posizionatu”, azaldu du Jon Aspuruk.

Euskomer eta Aenkomer elkarteetako presidentearen ustez, gauza on eta txarrak ekarriko lituzke supermerkatua Laudion kokatzeak. “Alde batetik, konpetentzia handituko litzateke. Baina, bestalde, erosketak egitera eskualdetik kanpora doazen herritarrak hemen geratzera bultzatuko lituzke”. Aspuruk uste du “agortua” dagoela merkataritza-gune handien eredua. “Marka handiak konturatu dira eredu horrek jada ez duela funtzionatzen, eta tamaina ertaineko saltokietan jartzen ari dira indarrak”.

Iritzi berekoa da APILL. “Mercadona Laudion kokatzeak gastua beste gune batzuetara alde egitea galaraziko luke, eta mota horretako bezeroak erakarriko lituzke herrira”, azaldu dute elkarteko kideek. Euren ustez, eredu ezberdinak dituzte Mercadonak eta herriko merkatariek. Horregatik, uste dute saltoki berriak “jada hemen dauden beste supermerkatu kateekin” izango lukeela konpetentzia.

Hala ere, APILLek nabarmendu du mota horretako denda eredua eurek dutenaren aurkakoa dela. Horregatik, “betiko merkataritzaren” alde egiteko deia luzatu dute.

 

Erakusleihoaren atzean
Lanpostuak sortuko dituela da Mercadonaren alde daudenek erabiltzen duten argudio nagusia. Hala ere, ugariak dira supermerkatu-kateko lan-baldintzak salatu dituzten eragile zein sindikatuak. Laneko baja hartzen duten beharginak jazarri eta kaleratu egiten dituztela nabarmentzen dute, besteak beste.

Hornitzaileekiko duen jarrera ere azaldu dute zenbait talde eta hedabidek: iraupen luzeko kontratu handiak sinarazten ditu, hornitzaileak supermerkatuarentzat soilik lan egitera bultzatuz. Ondoren, produktuak geroz eta merkeago ematera derrigortzen ditu, kontratua apurtzeko mehatxupean.

Hala ere, Mercadonarena ez da kasu isolatu bat. Dia supermerkatuetan, adibidez, greba egin zuten iragan abenduaren 22 eta 29an, langileen lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Eredu-motan dago gakoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide