Laster plazaratuko dituzte Antzokiko, Santa Luziako tabernako eta Ugarteko plazako kontratuen baldintzak

Erredakzioa 2018ko ots. 28a, 14:18

Laster aterako dituzte Altzarraten antzokia eraikitzeko pleguak. / GoogleMaps

EH Bilduk adierazi du ekintzekin erantzungo diela EAJren kritikei eta azpimarratu du hartutako konpromisoak betetzen ari dela.

Hainbat adierazpen egin ditu EH Bilduren udal-gobernu taldeak EAJk ateratako azken prentsa-oharraren harira. Jon Ander Altube zinegotziak azaldu du argi dutela jeltzaleek “behar duten guztia” egingo dutela Laudioko Udalaren jarduna higatzeko: “Hori izango da, tamalez, hemendik eta hauteskundeetara arte egingo duten ekarpen bakarra”.

Altubek salatu du EAJk azken asteetan plazaratu dituen prentsa-oharrak “faltsukeriaz eta irainez” beteta daudela. Horregatik, “desleial” jokatzea leporatu dio zinegotziak alderdi jeltzaleari, eta nabarmendu du “ekintzekin eta datuekin” erantzungo dietela prentsa-oharrei aurrerantzean.

Asfaltatze lanak
Asfaltatze lanak egiteke zeudela kritikatzen zuen EAJk iragan astean plazaratutako oharrean. Baina EH Bilduko kideek adierazi dute oraingoa dela “asfaltatzeetan gehien inbertitu duen udal-gobernua”. Datuak eman ditu Altubek: “2 milioi euro baino gehiago baliatuko dira lege-agintaldi honetan”.

Zinegotziak aitortu du herriaren egoera “ez dela aproposena, baina udal gobernutik hainbat konpromiso hartu ditugu eta betetzen ari gara”, gaineratu du.

“Urtero diru-partida bat sartzen dugu aurrekontuetan asfaltatze lanekin jarraitzeko. Gardean hasi ginen, Aretara pasa ginen gero eta Ugarteko sarrera eta irteera asfaltatu ditugu orain” gaineratu du alkateordeak.

Udaberrian konponduko dituzte Nerbioi eta Virgen del Carmen kaleetako errepideak. “Inbertsio programan zehaztua egongo da hemendik eta lege-agintaldia amaitu arte egingo duguna. Hori da gure konpromisoa, eta gero auzokideek baloratu beharko dute zer egin den eta zer ez”.

Argi publikoa

Argiteria berritzeko ere urtero diru-partida gordetzen dutela nabarmendu dute EH Bilduko ordezkariek, eta landa-eremuekin ere beste horrenbeste egiten ari dira: “2013 urtetik daramagu horretan. Larrazabalgo bide zati bat berritzen ari gara orain, eta hainbat hobekuntza gauzatu ditugu baita ere, Barbarako bihurguneko konkor ospetsua zuzentzeko baliatu baititugu obrak”.

Kirol azpiegituretan eginiko lanak ere eman dituzte aditzera. “Kiroldegiko gimnasio berria, tenis eta padel pistak, Ellakuriko zelaia... adibide asko eman ahalko genituzke”.

Hainbat proiekturen pleguak
EAJrekin adostutako proiektuak ere gauzatzen ari dira, Altubek azpimrratu duenez. “Zubiko Kurajoko urbanizazioa amaitu dugu, Zubiko Etxeko parkea barne. Umeen parkeen gaineko konpromisoak ere bete ditugu”.

Zentzu horretan, laster hainbat proiektu garrantzitsuren pleguak argitaratuko dituzte, aurreratu dutenez. “Antzokiko pleguak oso aurreratuak ditugu eta laster Ugarteko plazaren proiektua onartuko dugu baita ere udal-gobernu batzordean. Santa Luziako tabernako pleguak zabaltzen ari gara orain, obrekin hasteko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide