Lehenik eta behin, zer da Disko Txantxa?
Leire: Haurren aisialdia euskaraz sustatzen duen ikuskizuna. Abestu, dantzatu eta jolastuko dugu elkarrekin.
Lehenengo emanaldia Aiaraldea Faktorian egingo den udaberri jaian eskainiko duzue, zer prestatu duzue?
L: Egun horretan zati bat besterik ez dugu aurkeztuko, bertaratutakoek ikus dezaten zer den, ezagutzeko.
Aritz: Prestatzen ari garen zatitxo hori aurkeztuko dugu, eta gero fintzen eta prestatzen jarraituko dugu. Izan ere, ikuskizunak, guztira, bi orduko iraupena izatea pentsatu dugu, eta Udaberriko Jaiko emanaldian ordubetekoa egingo dugu.
Zer dantza mota egongo da?
L: Denetarik. Saiatu gara aniztasuna bermatzen. Ez gara aspertuko, gauza ezberdinak proposatuko ditugu eta!
A: Asmoa da ahalik eta musika estilo gehien txertatzea, eta mota anitzeko dantzak eta jolasak egitea. Famili osoarentzako ekintza da, baina umeek protagonismoa izatera bideratu dugu. Hori bai, familiak eta helduak gonbidatuak daude, parte har dezaten.
L: Ondo pasatuko dute, ziur.
Erreferenteak izan dituzue Disko Txantxa sortzerakoan?
L: Ez dakit erreferenterik bilatu dugun. Biok gogoko dugu horrelakoetan aritzea, eta gure esperientziaz eta sormenaz baliatu gara.
A: Gogoko dugu oholtza gainean egotea, lan egiten dugu hezkuntzaren munduan, eta umeentzako zer edo zer prestatu nahi genuen. Dantza ere gustatzen zaigu, hortik dator gure ibilbidea. Leire horretan aditua eta aritua da. Ez daukagu erreferente bat.
L: Bai, ni txikitatik nabil dantza munduan, eta orain goi mailako ikasketak egiten ari naiz Dantzertin. Hortaz, asko gozatzen dut dantzan eta oholtzan. Bestalde, lanean hezkuntza arloan aritzen naiz, tailerrak egiten haurrekin. Gizarte Hezkuntza ikasi arren, batez ere, haurrekin lan egiten dut. Zentzu horretan, oso atsegina da niretzat proiektua. Aritzek proposatu zidan lehen unetik esan nion baietz. Oso pozik, gainera.
A: Nik, gehienbat, teknikari lanak beteko ditut. Aspaldi eman ditut zertzeladakhorretan eta, beste aldetik, hezkuntza esparruan hainbat esku hartze zuzen gauzatu dut. Horrek motibatzen nau, orain artekoarekin alderatuta, pixka bat ezberdina dela. Inoiz ez naiz oholtzara igo umeen aurrean. Beti egin dut lan eurekin batera. Bestelako esperientzia izango da, baina hezkuntzaren bidean.
Balio erantsiak ere ditu ikuskizunak, dibertsioa ez ezik?
A: Bai, guretzat garrantzitsua da eta umeen partaidetza nabarmendu nahi dugu. Haurren sormena sustatzea da helburuetako bat. Dantzaren bitartez bultzatzea.
Horrez gain, euskal kulturak eta euskara protagonismo handia izango dute ikuskizun osoan. Musikan, adibidez, antzinako abestiak ekarriko ditugu gurera. Beste kulturetako musika lantzea ez dugu baztertu, hala ere. Ildo nagusia, hori bai, euskara eta euskal kultura izango dira.
Nola sortu zenuten ideia?
A: Zoro batzuk hasi ginen hausnartzen... eta horrelako ikuskizuna egiteko beharra ikusi genuen; aipatutako zenbait balio erantsirekin: euskal kultura, parte hartzea, sormena... Pentsatu genuen gure inguruan zeintzuk izan zitezkeen gure aliatuak, eta Leireri aipatu genion. Prestutasun osoz hasi ginen hau antolatzen.
Pertsonaiak asmatu dituzue ikuskizunerako?
L: Bai, baietz esan dezakegu. Ez dira Aritz eta Leire oholtzara igoko direnak.
A: Baina 17an aurkeztuko ditugu.
L: Ezusteak ere gorde behar ditugu. (barreak)
Zein da mezua larunbatean joango den jendearentzat?
L: Gogoz etor daitezela. Lotsa etxean utzi beharko dute, ondo pasatzera joango baikara. Dantzatuko dugu.
A: Ezer berezirik espero gabe, espero dugu jendeak dantzatzea.
Udan ahalik eta emanaldi gehien egiteko asmoa duzue?
L: Bai, nahiko genuke!