Urtarrilean aurkeztu zion URAk -Uraren Euskal Agentzia- Nerbioi ibaiko uren kalitate azterketa Laudioko Udalari. Bertan, zenbait kutsagai errekatik kentzeko 12 hilabeteko epea eman dio agentziak tokiko erakundeari. Udalak epe hori luzatzeko eskaera egin dio Uraren Euskal Agentziari, hiru urteko epean aurreikusten baitu kutsagaiak ezabatzea.
Neurketa puntuak
Laudiok errekako uren kalitatea neurtzeko lau puntu ditu guztira; herriko ur-biltzaile nagusiaz aparte, Bitorikan, Atxetan, eta Gasteiz kalean ere badira neurketa estazioak.
Kutsagai kopuru handiena ur-biltzaile nagusiak erregistratu ditu, bertan pilatzen baitira enpresetatik etorritako araztu gabeko urak. Puntu horretatik 1,2 milioi metro kubiko ur isurtzen dira Nerbioira.
Kutsagaien isurketaren eboluzioak udalak ordaindu beharreko kanonean eragina izan du ere, 82.000 euro ordaintzetik 205.000 euro ematera pasa beharko baita.
Laudioko Udala herriko hainbat enpresekin jarri beharko da harremanetan, hauek isurketak arazteko sistemak ezartzeko. Uraren kalitatearen hobekuntzan pauso garrantzitsua izango da dagoeneko aurreikusia dagoen Basaurbeko araztegiaren proiektua.