“EAJren jarrera lotsagarria da, gezurretan ari dira”, adierazi du Jon Ander Altube Gobernu taldeko bozeramaileak. EH Bilduren otsaileko udalbatzako “ezezko sistematikoa” kritikatu zuten prentsa oharrean jeltzaleek, EH Bilduren kudeatzeko gaitasun eza salatuz.
EH Bilduren aburuz, lotsagarria eta “oso arriskutsua” da EAJk hartutako jarrera: “Badakite gezurretan ari direla. Euren jarrerarekin EH Bildu bakarrik ez, laudioar oro kaltetzen dabiltza. Edozer gauza egiteko prest daude EH Bildu indargabetzeko; eta, ondorioz, udal gobernu taldea kaltetzeko, udala eta herritarrak. Onartezina da”. Kritika politikoa zilegitzat jo du Altubek, baita oposizioan aritzea ere: “Gu ere oposizioan egon garenean posizio hori baliatu dugu, ez digute lekziorik eman behar. Baina ez gaude prest onartzeko EAJk Laudiori eskaini ahal dion bakarra astero 2 prentsa ohar bidaltzea izatea”.
Oharren atzean beldurra sartzeko ahalegina dagoela azaldu du EH Bilduk prentsaurrekoan, udaleko jarduna oztopatzea, “erantzukizunez aritzea eskatzen diegu. Herriak ez du ordaindu behar EAJren gaitasun eza gobernu alternatiba izateko”. Altubek gogoratu du duela zenbait hilabete EAJk EH Bildurekin itxi zituela aurrekontuen akordioak, oposizioa modu eraikitzaile batean egitea zela hori defendatuz. “Gutxi kosta zaie eraikitzetik suntsitzera igarotzea”, erantsi du.
Udalbatzei dagokienez, “ezezko sistematikoa” jeltzaleena dela nabarmendu du alderdiaren bozeramaileak. “Udalbatza eta batzorde guztietan esaten dute hori. Modu horretako jarrerak piromanoenak dira. EAJk baiezkoa bozkatzen duenean ezezkoa bozkatzen ari da. Baiezkoa soilik EH Bilduren aurka ekiteko baliatzen dute. Kalkulua egina dute, uste dute EH Bilduren edozein proposamenen kontra agertuz hobeto joango zaiela, oposizioko gainontzeko taldeekin bat eginez”.
Hainbat adibide erabili dituzte iritzia defendatzeko. Horien artean kokatu dute Gobernu Batzordera ez etortzeko erabakia, udatik uko egin baitiote jeltzaleek foroari. “Gogoeta eta kontsultetarako tartea hartuko zutela esan zuten, eta zain gaude. Ekarpenak egin eta bozkatzeko organo egokia dute, eta euren esku dagoen gune bakarra udalbatza bailitzan jokatzen dute”.
Otsaileko bilkuran 7 mozioren kontra egitea leporatu zion EAJk EH Bilduri. “EAJk horietatik bakarra aurkeztu zuen. Helburua EH Bilduk akordioetara iristen ez dakiela erakustea bada, kontra bozkatuko dutela gogoratu”. Zergen harira landutako mozioari dagokionez, mesfidati agertu da EH Bildu: “EAJk egin zuen proposamen bakarra enpresen zergena izan zen, gutxiago ordaindu dezaten eta udalak jarduera ekonomikoa sostenga dezan. Guk gure zalantzak ditugu”.
Euskara jomugan
Udalbatzak euskarara bikoiztea ez babestea izan zen leporatu zieten beste proiektu bat. Euskararen normalizaziorako tresnatzat aurkeztu arren ekarpena, EH Bildu ez da bat etorri: “Euskaraz dakigunok gehiago erabili beharko genuke udalbatzan. Urtarrileko bilkuran, beste gai batekin, EAJko ordezkari bat izan zen -Eusko Jaurlaritzan dagoena gainera- bilkuretan gazteleraz hitz egitearen alde azaldu zena, bere eskubidea zela nabarmenduz”. Haatik adarjotzetzat hartu dute jeltzaleen jarrera, euskara bultzatzeko lehen planora ekartzea ezinbestekoa dela iritzita.
Inbertsio gaitasuna
Diru-sarrera gutxiago izaten ari dela udaletxea gobernu taldearen kudeaketaren ondorioz ere mahaigaineratu du EAJk. Horren harira, Altubek gogorarazi du EAJ alkatetzan zeneko “herentzia” dela zabor tasen bilketa: “2005etik, Jon Karla Menoyoren garaitik, atzerapena egon da zerga honen kobrantzan. Beraz, guk atzerapen hori jaso dugu, eta hori kudeatzea dagokigu. Ez diezagutela guri eskatu eurek aldatu ezin izan zutena. Are, larriagoa da esatea diru sarrera horiek galduko direla esatea. Beranduago kobratzeak ez du esan nahi galduko direnik”. Ildo beretik, argitu du inbertsiosak egiten jarraituko duela Gobernu taldeak: “EH Bilduk EAJk 8 urtetan baino gehiago inbertitu du zaborraren bilketa kanpo utziz gero. Horrek Laudio 7 milioi euro kolpez ezin erabiltzean eragin zion, erremanentetik ordaindu zen, baliabide propioetatik ordaindu behar izan zen zenbatekoa. Hori ere EH Bilduk EAJtik jaso zuen herentzia izan zen. Erremantearen bilakaera positiboa ikusita bistan dago EH Bilduk inbertsioak egiteko duen gaitasuna”.
Prentsa oharren jarioari dagokionez, Altubek nabarmendu du udal gobernuak ekintzekin erantzungo diola gerra politikoari, eguneroko lanarekin. “EAJk asko du jokoan politikoki. Gu bere alde on eta txar guztiekin ez gaude oposizioan. Guk ahalik eta ondoen lan egiten jarraituko dugu, inbertsioak sustatzen eta kudeaketan eredu demokratikoa lehenesten. Guk ez dugu estilo horretako kanpaina elektoralik egin behar. Lan egin behar dugu, ez EH Bildugatik, herritar guztiengatik baizik. EAJk dioena gezurra da. Oposizioan daudenen kritika eskubidea errespetatzen dugu, baina gauza batzuk ez dira onargarriak".