PPk uste du Arabako Foru Aldundiak lagundu behar duela Laudioko Udala URAren exijentziak betetzen

Erredakzioa 2018ko mar. 20a, 11:11
Ana Morales PPko bozeramaileak Laudion azaldu ditu mozioaren nondik norakoak. / Aiaraldea.eus

Ana Morales Arabako Batzar Nagusien PPko bozeramaileak azaldu du gaur mozioa aurkeztu dutela Arabako Foru Aldundia elkarlanean aritu dadin Laudioko Udalarekin. Euren helburua da tokiko erakundeak betetzea URA Agentziaren exijentziak isurketei dagokionez.

Popularrek adierazi dute mozioa irekirik dagoela eta alderdiek aukera daukatela hobetzeko edota nabardurak txertatzeko. Aipatutako aldarrikapen hori ez ezik, nahi dute Arabako Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eskaera egitea, honek ahalik eta lasterren eskuratu ditzan lursailak Markixana eta Basaurbeko araztegiak eraikitzeko. Ziurrenik, apirilean eztabaidatuko da testua.

Laguntza teknikoa
Ana Moralesek aurkeztu duen mozioaren xedea da Laudioko Udalak ez sumatzea injerentzia moduan ekimena. Horregatik, aipatu du Arabako Foru Aldundiak lagundu dezakeela esparru teknikoan, bitarteko gehiago baititu isurketen arazoa aztertu eta konpontzeko.

Markixana eta Basaurbeko araztegiak
PP alderdiko ordezkariaren aburuz, Espainiako Gobernuak aldeko ingurumen-inpaktu adierazpena eman ostean, araztegiak eraikitzeko oztoporik handiena gainditu da, behin betiko finkatu baita azpiegituren kokapena.

Ana Moralesek nabarmendu du Espainiako Gobernuak eta URA Agentziak prest dutela diru-inbertsioa egiteko, baina desjabetzeak ez direla guztiz gauzatu. Antza, jabe batekin oraindik ez da lortu akordiorik eta hori omen da arazorik handienetakoa, PPko ordezkariaren iritziz.

Adostasun zabala
Bestalde, talde popularraren bozeramaileak azpimarratu du Espainiako Ingurumen Ministerioak ahalegina egin duela adostasun ahalik eta handiena lortzeko eta kalte ekologikoak saihesteko.

Zentzu horretan, alegazio ugari onartu dituzte: Arabako Foru Aldundiaren guztiak, Laudio eta Amurrioko Udalen asko, baita Eusko Jaurlaritzaren, Ur Partzuergoaren eta jabeen zuzenketa pilo.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide