“Zapatisten komandante bat nintzela esatera iritsi ziren”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko api. 9a, 13:47

Sei urte daramatza Darrin Woodek Laudion bizitzen. / Aiaraldea.eus

DARRIN WOODek (Ohio, 1965) sei urte daramatza Laudion bizitzen. Ibilbide oparoa egin du ikerketa kazetari gisa. Egin, Ardi Beltza eta Kale Gorria agerkarietan egin du lan eta Txiapasen ere urte asko igaro du, Zapatisten altxamendua gertutik jarraitzen. 

Estatu Batuetako zara, baina munduko hainbat txokotan egon zara bizitzen. Nolatan?

Unibertsitatean nengoela beste herrialde batzuetan ikasteko programa batean sartu nintzen. Londresera joan nintzen sei hilabete igarotzera. Pragan ere egin nituen egonaldiak. Emakume bat ezagutu nuen eta Espainiara bizitzera joan nintzen berarekin. Madrid eta Zaragoza artean igaro nuen 90. hamarkada osoa. Ardi Beltza aldizkarian lanean hasi nintzenean, baina, Mexikora joan nintzen. Bertan egon nintzen aldizkaria itxi zuten arte. Telebista mexikarrean ikusi nuen nola atxilotzen zuten Pepe Rei -aldizkariaren zuzendaria-. Shock bat izan zen, ezin nuen sinetsi.

 

“Telebista mexikarrean ikusi nuen nola atxilotzen zuten Pepe Rei, shock bat izan zen”

 

Ardi Beltzaren korrespontsal moduan joan zinen, beraz, Mexikora?

Aldizkariaren sorreratik egon nintzen proiektuan murgilduta. Mexikon bizi nahi nuen eta Pepe Reiri eskatu nion bertara bidaltzeko. Berak esan zidan ez zitzaiola axola ni Mexikora joatea, baldin eta idazten jarraitzen banuen.

Zeri buruzko artikuluak idazten zenituen Mexikon?

Estatu Batuetako aferei buruz, batez ere. Jendeak ezagutzen ez dituen aldizkari asko irakurri nituen. Aldizkari militarrak, propagandatik harago doazenak. Agerkari horietan agertzen ziren pertsonen arteko loturak egiten nituen.

Ikerkuntza kazetaritza egiten zenuen, beraz.

Ikerkuntza kazetaritza egiten nuen, bai. Baina Mexikoko hainbat gertaeren berri eman nuen baita ere. Behin Veracruzeko mobilizazio batean egon nintzen. Alkateak hiriko beste zonalde batera mugitu nahi zituen sexu-langile guztiak, jaiei begira. Baina bera proxeneten pub batzuen jabea zen, hiriaren erdigunean zegoena. Merkatu osoa menpean izatea zen bere asmoa. Oso manifestazio irrigarria izan zen, alkateak bertan behera utzi behar izan baitzituen bere asmoak. Txiapasen ere egon nintzen kazetari gisa.

 

“1994an -altxamendu zapatistaren urtean- Mexikon nengoen dokumental bat grabatzen”


Mugimendu zapatista pil-pilean zegoen garai hartan.

1994an -altxamendu zapatistaren urtean- Mexikon nengoen dokumental bat grabatzen. Euskal Herrira joan nintzen gero, egindako lana aurkeztera. Hainbat jaialditan aurkeztu genuen pelikula, eta herrietan ere aurkeztu genuen. Laudion eta Amurrion egon ginen, besteak beste. Testimonio de Ejido Morelia da filmaren izena YouTuben dago ikusgai:

Asko gogoko nuen Mexikora joatea, ia urtero bidaiatzen nuen Txiapasera.

Ardi Beltza aldizkariaren sorreran egon zinen.

Bai. 2000. urtean plazaratu genuen lehen zenbakia, lehenago lantzen hasi ginen arren. Aspalditik ezagutzen nuen Pepe Rei. Atxilotua egon zenean ni atzerrian egon nintzen bere kasua ingelesez aditzera ematen. Kartzelatik atera zenean nire etxera etortzen zen sarritan, eta ni baita berera. Oso-oso pertsona jatorra zena. Oso gaizki pasatu nuen izan zuen istripuaren berri jaso nuenean.

Peperen ekimenez sortu zen aldizkaria. Hainbat pertsonarekin jarri zen harremanetan lan-talde bat osatzeko. Ez dakit zenbat pertsona batu gintuen, baina ez ginen gutxi. Aldizkaria handia zen. Lehen zenbakia jaso nuenean harrituta geratu nintzen, ezin nuen sinetsi. Hain zen handia... eta koloretan gainera, kalitatezkoa. Ez zuen iragarle askorik... baina tira (barreak).


“Ardi Beltza itxi zutenean lanik gabe geratu nintzen. Lagun batek irakasle lanpostua eskuratu zidan Guadalajarako Unibertsitatean”


Ardi Beltza itxi zutenean lanik gabe geratu nintzen. Lagun batek irakasle lanpostua eskuratu zidan Guadalajarako Unibertsitatean. Nazioarteko harremanei eta gatazka armatuei buruzko ikastaroak eman nituen bertan. Hitzaldiak, tailerrak, irratsaioak edota telebista-saioak ere egin nituen bertan.

Bertan nengoen irailak 11ko atentatuak jazo zirenean. Eskaera asko iritsi zitzaizkidan orduan, bat-batean jende guztiak nahi zuelako gatazka armatuetan aditua zen amerikar bat. Al-Quaeda ikertua neukan lehenagotik. Behin mahai-inguru batean egon nintzen Estatu Batuetako kontsularen senarrarekin. Nik nioen zentzugabea zela Al-Quaedaren aurkako gerra egitea, talde hori ez zelako lurralde zehatz baten jabe. Kontsultaren senarrak, baina, gerra egitearen guztiz aldekoa zen. Ikusleak harrituta geratu ziren horren iritzi ezberdinak genituela ikustean, estatu batuar guztiak gerrazaleak ginela uste baitzuten.

Mexikoren eta Estatu Batuen arteko futbol partiduetan mexikarrek “Osama! Osama!” oihukatzen zuten. Oso gustu txarrekoa (barreak). Baina nik asko gogoko dut Mexiko.


“Irailak 11ko atentatuak jazo zirenean eskaera asko iritsi zitzaizkidan, bat-batean jende guztiak nahi zuelako gatazka armatuetan aditua zen amerikar bat”


Eta nola iritsi zinen Laudiora?

1992. urtean oporretan nengoen nire bikotearekin. Andaluziako hondartzetan egon ginen eta Laudioko bikote bat ezagutu genuen bertan. Ez zituzten tapak ezagutzen eta elkarrekin joan ginen tabernetara. Oso lagun onak egin ginen. Bilbora zer edo zer egitera joan behar nintzenean Laudion geratzen ginen, eta trena hartzen nuen gero.

Madrilen nengoela Ciriaco apaiza ezagutu nuen. Laudiokoa zela esan zidan eta harrituta geratu nintzen. Nire lagunak ezagutzen zituen gainera, berak batailatu zituen eta. Madrilgo Euskal Etxeko irakasle bat Laudiokoa zen baita ere, eta azkenean hona etorri nintzen bizitzera, 2012an. Hilabete batzuk igaro nituen Menoion bizitzen.

Ezberdintasun asko sumatu dituzu hemengo eta Estatu Batuetako bizimoduaren artean?

Eguneroko bizitza sozialagoa da hemen, ohitura handiagoa dago kalera ateratzeko, poteatzeko adibidez. Estatu Batuetan jendea etxean geratzen da, oso gutxitan geratzen dira kalean. Hemen pertsonak kaletik aritzen dira, elkarren artean hitz egiten dute... gogoko dut komunitate mota hau. Janaria askoz hobeagoa da hemen. Eguraldia... ez du horrenbeste hotz egiten hemen. Nire sorterria “Elurrezko gerrikoa” deitzen da. Sekulako elurteak daude neguan.


“Estatu Batuetan jendea etxean geratzen da, oso gutxitan geratzen dira kalean. Hemen pertsonak kaletik aritzen dira, elkarren artean hitz egiten dute... gogoko dut komunitate mota hau”

 

Herritarrak aktiboagoak dira hemen, frackingaren aurka, presoen alde... edozein motatako ekimenetan parte hartzen dute.

Estatu Batuetan ez dago herri mugimendurik?

Egoera ez da 60. hamarkadakoa bezalakoa. Garai hartan Vietnameko gerra zegoen eta ugariak ziren protestak, derrigorrezko soldadutza zegoelako. Egun ez dago halakorik, soldaduak boluntarioak dira. Horregatik, mobilizazio gutxiago daude.

Baina badaude mugimenduak. Eskoletan jazo diren tiroketen ondorioz ikasle asko atera dira kalera, armen aurka lehen lerroan protestatzen, “Babestu gure bizitzak, ez armak” bezalako esaldiak dituzten kartelekin. Ea jarraipenik duen. Belaunaldi berri bat da, bere gurasoek egin beharko luketena egiten.

Beste ekimen batzuk ere sortu dira: %99, MeToo, BlackLivesMatter... etorkizunik ikusten diezu?

Etorkizuna dute arazoak bere horretan dirauten bitartean. Black Lives Matterren kasua jarriko dizut adibide gisa. Estatu Batuetan poliziak ia hilero erailtzen du pertsona beltz desarmatu bat. Duela aste bat afroamerikar bat tirokatua izan zen bere lorategian zegoela, poliziak lapur bat zela uste izan zuelako, beltza izate hutsagatik. Halako gauzak jazotzen dira oraindik eta gertatzen diren bitartean mugimenduak egongo dira.

Antzeko zerbait gertatzen da emakumeen MeToo mugimenduarekin. Ezagunak ziren emakumeenganako halako erasoak Hollywooden, betidanik. Baina inork ez zuen nahi aurpegia eman, orain arte. Oso mugimendu handia sortu da eta eragin asko ari da izaten botere posizioetan dauden gizon askotan: enpresariak, kazetariak, aktoreak... Oso mugimendu positiboa da eta gauza asko ari dira azaleratzen. Aktore asko zerrenda beltzean daude dagoeneko, emakumeak derrigortu izanagatik eurekin harremanak izatera filma batean lan egitearen truke. Higuingarria da, baina sexismoak, zoritxarrez, bere horretan jarraituko du, bere aurkako mugimenduek bezalaxe.

Horrenbeste ezkerreko mugimendu egonda... nola uler daiteke Donald Trumpen garaipena?

Beste mota bateko mugimenduak ere daudelako (barreak). Horrez gain, aipatu beharra dago demokratek ez zutela hautagai onik. Hillary Clinton moderatua zen, ez zuen karismarik, eta karisma izatea beharrezkoa da Estatu Batuetan bozkatua izateko. Ergelkeria bat dirudi, baina liderraren papera jokatu behar dute hautagaiek, irudi bat proiektatuaz.

Trump gauza oso nazkagarri eta ergelak esan zituen kanpainan, baina jendearen babesa lortu zuen horrela, egia esaten zuen bakarra zela uste zutelako. Pailazo-kanpaina bat gauzatu zuen eta gaur egun bere arrakasta-indizeak inoiz egon diren okerrenak dira. Historialari asko hasi dira esaten bera dela Estatu Batuek inoiz izan duten presidenterik txarrena. Ez dakit zenbat denbora iraungo duen, ez eta lege-agintaldia amaituko duen ere. Duela gutxi irakurri dut Alderdi Errepublikanoko zenbait pertsona Trump kargutik kentzea dutela buruan, hurrengo hauteskundeak irabazi ditzakeen norbait jartzeko. Orain Demokratak irabazten ari dira Trumpek 26 puntuko aldearekin irabazi zuen tokietan.


“Ezin dut Trumpen fenomenoa azaldu. Nik pentsatzen nuen ezinezkoa zela berak irabaztea”

 

Komunikabideek eta sare sozialek izandako eragina ere nabarmenduko nuke. Facebooken albiste faltsu asko argitaratu ziren, jendeak egiazkotzat hartu zituenak. Twitter, Instagram... eragin handia izan zuten Obamaren garaian, baina gaur egun askoz eragin handiagoa dute. Jende asko Facebook bidez informatzen da, ez du egunkaririk irakurtzen, Facebooken dagoen edozein gauza egunkari batetik datorrela uste dutelako. Baina ez da hala.

Fox News katearen adibidea ere hor dago. Propaganda hutsa da, Trumpen eta Alderdi Errepublikarraren aldekoa. Euren eguneko programaziotik 18 ordu “entretenimenduzkoak” direla diote, ez informazioa. Albiste kate bat izanda, eguneko sei ordutan baino ez dituzte notiziak ematen. Eztabaidak, konspirazio-teoriak... egiten dituzte. Obama Kenian jaio zela esan zuten bere garaian, Hawaikoa dela aski frogatua dagoen arren. Egunkari askok prentsa-zaborra egiten dute, eta Trumpek halako hedabideak kontsumitzen ditu, hedabide serioak irakurri beharrean.

Hala ere, ezin dut Trumpen fenomenoa azaldu. Nik pentsatzen nuen ezinezkoa zela berak irabaztea. Irabazi zuela ikusi nuenean ezin nuen sinetsi.

Posiblea litzateke Ardi Beltzaren garaian egiten zenuten ikerkuntza-kazetaritza gaur egun egitea?

Ez. Ahalegin handia eskatzen du ikerkuntza-talde bat osatzeak. Hilabeteak egon zaitezke lanean argitaratzeko ezer izan gabe. Ezin duzu ikerketa bat egun batetik bestera gauzatu. Ardi Beltzan jende asko zegoen lanean, eta horregatik gai ginen aldizkaria hilero publikatzeko. Igor Meltxor da horretan diharduen bakarrenetarikoa.


“CIAren dokumentu bat lortu nuen, GALen sorreran inplikatutako Estatu Batuetako eskuin muturreko talde bati buruzkoa”


Estatu Batuetan badaude mota horretako hainbat hedabide, baina gehienak independenteak dira. Horietako batean egon nintzen ni lanean. GALi buruzko ikerketa bat gauzatu nuen bertan. Artikulu bat idatzi nuen El Mundo egunkarirako. Egini eskaini nion, baina El Mundorekin hitz egitea eskatu zidaten, Eginen publikatzen bazen inork sinetsiko ez zuelako.

CIAren dokumentu bat lortu nuen, kazetari baten bidez. Estatu Batuetako eskuin muturreko talde bateko buruzagiak Inteligentzia Agentziarekin izandako bilera baten nondik norakoak aipatzen ziren bertan. Pertsona hori Europan barrena egon zen bidaiatzen. Dokumentua irakurrita pentsatu nuen: “Tipo hau zoratuta dago!”. Baina gero jakin izan genuen eskuin muturreko talde horretako beste kide bat Madrilen egon zela 1982 eta 1983. urteetan, eta GALen sorreran lagundu zuela.

Pertsona hori Madrilera joan zen behin polizia frantses batekin. Poliziak dokumentu bat zeukan Frantzian bizi ziren ETAko militante guztien datuekin: non bizi ziren, zein auto zeukaten... Espainiarrak harrituta geratu ziren, eta informazio horren truke zer nahi zuten galdetu zieten frantziarrei. Hauek Korsikari buruzko informazioa nahi zuten, antza. Estatu Batuetako taldeak, aldiz, Otto Skorzenyzi buruzko datuak nahi zituen -Hitlerren koronela, Madrilen 1975an zendutakoa-.

Laudiora bizitzera etorri nintzenean datu berriak topatu genituen. Antza Estatu Batuetako talde hori Jose Barrionuevorekin -Espainiako Barne Ministro ohia, GALen auzian kondenatua- biltzera iritsi zen. Gauza asko daude horren atzean. Datu berri horiek Berria egunkarira bidali nituen, eta artikulu bat osatu zuten.

Nire asmoa ikerketa egin eta amaitzea zen. Baina gaian sakontzen zoazen einean lotura asko ikusten dituzu, eta harrituta geratzen zara. Kontrakoa frogatzen saiatzen zara, baina ezinezkoa da.


“Behin Marcos Komandanteordeak komunikatu batean aipatu ninduen, nire helbide elektronikoa jarriaz”

 

Ameriketako Eskolaren inguruan ere egin nituen ikerketak. Giza eskubideen urraketetean inplikatutako latinoamerikako militarren baten izena irakurtzen nuen bakoitzean koaderno batean apuntatzen nuen. Artxibo bat osatu nuen horrela, eta militar horietako askok Ameriketako Eskolan ikasi zutela ondorioztatu nuen. Txiapasi buruzko eguneroko albisteen txosten bat osatu nuen horrela. Behin Marcos Komandanteordeak komunikatu batean aipatu ninduen, nire helbide elektronikoa jarriaz (barreak).

Zer dela eta?

Ez dakit (barreak). Heriotza mehatxuak jasotzen ari nintzen paramilitarretatik, egiten nuen lanagatik.

Kazetari gisa presio ugariri egin behar izan diozu aurre, beraz.

Ni zapatisten komandantea nintzela esatera iritsi ziren. Egun batean ordenagailua piztu eta Fronte Zapatistaren mezu bat jaso nuela ikusi nuen. PRI alderdiko artikulu bat erantsi zidaten. Nire izena eta bizilekua aipatzen ziren artikulu horretan, komandatea nintzela esanez eta Madrildik Mexikora polizia “despistatzeko” nentorrela esanez (barreka). Ergelak ziren gero!


“Heriotza mehatxuak jasotzen ari nintzen paramilitarretatik, egiten nuen lanagatik”


Beste anekdota bat kontatuko dizut. Behin Madrilera joan nintzen mahainguru batean parte hartzera. Argeliari buruz mintzatu ziren lehendabizi. Ramon Zallok hartu zuen hitza gero, Euskal Herriko egoeraz mintzatzeko -oso hitzaldi bikaina eskaini zuen-. Nire txanda heldu zenean publikoko lehen lerroan zegoen mexikar batek argazki kamara hartu zuen eta hainbat argazki egin zizkidan eta ziztu bizian alde egin zuen jarraian. Harrituta geratu ginen.

Mexikora bidaiatzen nuenean bertako kide batek jasotzen ninduen aireportuan, arazorik izan ez nezan.

Estatu Batuetan eta Espainian ere jaso dituzu presioak?

Ez. Estatu Batuetan jazarria izateko oso istorio indartsua izan behar duzu esku artean, gobernuaren erorketa eragiteko modukoa. Beno, mafiari buruzko zeozer idazten baduzu ere kontuz ibili behar zara autoa pizten duzunean, mafiako kideek ez baitute jolasten.

Espainian ez dut arazorik izan. Arestian aipatu dudan Estatu Batuetako eskuin muturreko taldeko buruzagiak nire eta El Mundoko bi kazetariren aurkako salaketa jarriko zuela esan zuen. Pedro J. Ramirezek -El Mundoko orduko zuzendaria- salaketa jartzeko gonbita luzatu zion, baina ez zuen inoiz jarri, bazekielako galduko zuela.


“Pedro J. Ramirez nirekin hitz egitera etorri zen, GALi buruzko artikulua amaitu genuenean”


Zer moduz Pedro J. Ramirezekin lanean?

Nirekin hitz egitera etorri zen GALi buruzko artikulua amaitu genuenean. CIAren dokumentua egiazkoa zela frogatu zutela aipatu zidan, eta eskatu zidan horrelako material gehiago baldin banuen berari helarazteko. “Ados”-erantzun nion- “Baina ez da horren erraza halakoak lortzea!”.

Ondo tratatu ninduen. Baina ez dut bere politika gogoko. PP gobernuan jartzea zen bere asmoa, horregatik zegoen GALen afera guztia ikertzen. Berdin zitzaion gainerako guztia. Aznar boterera iritsi zenean bertan behera utzi zituen ikerketak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide