EAJ zein EH Bilduren jokabidea kritikatzeko prentsa-oharra plazaratu du Omniak. “Hauteskundeetarako urtebete falta den honetan, talde batzuek pozisioak hartzeari ekin diote”, azaldu du alderdi politikoak.
Omniako kideek salatu dute udala “EH Bilduren feudoa” bihurtu dela, “zeinetan badirudien gehiago balio duela bostek esaten dutena hamabi zinegotzik osatutako gehiengo argi baten iritziak baino”.
Alderdi independenteko kideen aburuz, EH Bilduko zinegotziek “jarrera narzisista” dute. “Uste dute eurek proposatzen dituzten ekimenak direla soilik onak Laudiorentzat. Ez dira gai gainontzeko taldeen egitasmoak modu positiboan baloratzeko”. Hori dela eta, gobernu-taldeak “autokritika” egin beharko lukeela uste dute.
EAJ eta EH Bilduren arteko tirabirak
EAJ eta EH Bilduren artean azken asteetan egondako tirabirei dagokionez, jeltzaleen jarrera kritikatu du Omnian. “Badirudi ahaztu egin dutela eurak direla orain dela aste batzuetararte EH Bilduk udalean egiten zuen guztia sistematikoki onartzen zutenak”. Bi taldeek “gobernu-akordioa” egin zutela gogorarazi du alderdi politiko independeteak. “Bitxia da EAJ zenbait gai salatzen hasi izana, aipatzen dituzten kontuak berriak ez direnean. Zergatik utzi diote EH Bildurekin horren permisiboak izateari? Jada ez du interesik? Aurkaria kanporatzeko unea al da?”.
Zentzu horretan, Omniako kideek ziurtatu dute jeltzaleek “aukera bat baino gehiago” izan dutela EH Bildu boteretik kentzeko, “eta ez dute nahi izan, ez zaie interesatu”. Horregatik, oso oposizio “erosoa” egin izana leporatu diote EAJri, “udal-gobernuaren despotismoa babestu dute inolako eztabaida edo gatazkatan sartu gabe”.
Horren aurrean, Omniako kideek iragarri dute “Laudiorentzat positiboak diren mozioak” aurkezten jarraituko dutela. “Badakigu EH Bilduren estrategia desgastean oinarritzen dela. Ez dituzte udalbatzetan egiten ditugun galderak erantzuten -erantzunda daudela esaten duten arren- eta ez dituzte gaiak batzordeetan sakonki lantzen. Ez dituzte ezta, plenoan onartzen diren mozioak kontuan hartzen, gehiengo handi batek babesten dituen arren".
Horregatik, Omniak adierazi du lanean jarraituko duela hurrengo hauteskundeetararte, “auzokideei entzunez, 2011tik egiten gabiltzan moduan”.