Iragan astelehenean -apirilak 16- Daniel Ortegaren gobernuak Nikaraguako Gizarte Segurantzako Institutuaren erreforma iragarri zuen. Entitate publiko horrek porrot egin zuen diru publikoarekin eginiko inbertsio zalantzagarrien ondorioz.
Porrot hori langile eta pentsionistei zergak igoz “konpondu” nahi zuten. Orduz geroztik mobilizazio baketsu ugari egon dira herrialdean. Horren aurrean, gobernuak Askapen Nazionalerako Fronte Sandinistaren -FSLN- jarraitzaileak, langile publikoak eta “erreklutatutako jendea” mobilizatu ditu, ondorengo helburuekin: infiltratzea, manifestariak inor bereizi gabe jazartzea edota eraikin publikoak erasotzea, gero errua manifestariei bota ahal izateko.
Horrez gain, poliziak bidali ditu mobilizazioen gune guztietara. 30 hildako baino gehiago eragin ditu horrek dagoeneko. Estelin iragan apirilaren 20an poliziek zein zibilek hainbat gazte hil zituzten, balaz zaurituta jendea egon zen eta hiriaren hainbat gune gas negar-eragileez bete ziren.
Maila nazionalean, COSEP enpresa pribatu handiko ordezkariak Ortegaren gobernuarekin hitz egitea adostu zuen. Baina elkarrizketa horretan bi ordezkari horien -COSEPen eta gobernuaren- interesak baino ez daude ordezkatuta; hau da, aberatsenak.
Elkarrizketa horiek mobilizazioak “lasaitzeko” tresna baino ez dira, argi eta garbi. Igande honetan -apirilak 22- poliziak UPOLI unibertsitatean babestuak zeuden ikasleak erasotu zituen, gobernutik gertu dauden hedabideek zabaldutako desinformazio eta albiste faltsuez inguraturik. Gizarte Segurantzaren erreformaren aurkako borroka -#SOSINSS- jada ez da borroka horretara mugatzen, gaur egungo gobernuaren ustelkeria eta autoritarismoaren aurka ere doalako.#SOSNicaragua #noaldialogo #OcupaINSS