Hiru urte daramatza Lamuza Ikastetxeko guraso elkarteak zinema komunikazio tresna gisa erabiltzen. Duela bi urte grabatu zuten lehen filma laburra Luisan Garciaren laguntzarekin: Paperezko txoriak. Iaz, aldiz, Hegan egiten bideoklipa grabatu zuten Luis Vilekin. Aurten Esti Urresolari luzatu diote parte hartzeko gonbita. Gauza “erabat ezberdina” egitea proposatu zien zinemagileak elkarteko kideei: dokumental generoan murgiltzea. Urresolaren ustez, zinema mota hori egokia zen Lamuza Ikastetxearen nondik norakoak azaleratzeko, “transmititu nahi genuena ez baitzen fikzioa, errealitatea baizik”.
Horrela sortu zen Deklinabideak filma, datorren maiatzaren 18an ikastetxeko areto nagusian estreinatuko dena. “Festa bat izango da, herritar orori zabalik egongo dena”, nabarmendu du zinemagileak.
Grabaketa prozesua
Grabaketari ekin baino lehen, ikastetxearen egunerokotasunean murgildu zen Urresola. “Ikasgeletara sartu nintzen, adin ezberdinetako umeak ezagutu eta arreta deitzen zidan oro xurgatzeko”.
Urresolak aitortu du nahiko prozesu hunkigarria izan zela, bera txikitan Lamuzan ikasi zuelako. “Nire bizitzako pasadizoak ekartzen zizkidan burura. Nire garaian etorkinen seme-alabak bizpahiru izango ziren, baina orain ratio hori erabat eman du buelta”.
Ikasgelaz ikasgela ibilita konturatu zen Urresola euskarak Lamuzako ikasleen artean zuen presentziaz. Gauzak hala, filmean gai hori jorratzea erabaki zuen. “Inpaktu handia sortzen du, etorri berriak euskara peto-petoan hitz egiten ikusten dituzunean batez ere”.
Pello Gutierrezen laguntzarekin grabatu du pelikula. “Elkarrizketarik gabeko dokumentala da, behaketan oinarritutakoa”.