Plantoaren ondorioz, Laudio Institutuko 3 ikaslek besterik ez dute errebalida azterketa egin

Aitor Aspuru Saez 2018ko mai. 7a, 08:52

Hainbat ikasle elkartu dira goizeko piketean. / Aiaraldea.eus

Laudio Institutuko DBH 4. mailako ikasleek plantoa antolatu dute gaur Heziberriko hezkuntza programako errebalida ez egiteko, LOMCE planera lotzen baitute. Deialdia arrakastatsua izan da eta 3 gazte soilik agertu dira azterketa gelan.

08:30ean mobilizatzeko deialdia zabaldu zuen atzo Ikasleok Zorrotz zein Aiaraldeko Ikasle Abertzaleak taldeek errebalida azterketari planto egiteko, eta gaur goizean dozenaka gazte batu dira protestara.

Lamuza plazan elkartu dira ikasleak eta Laudio Institutura jo dute, pikete informatiboa osatuta. Bertan errebalida azterketa egiteko gelan sartu eta saiatu dira euren argudioak azaltzen, baina proben arduradunek ez diete utzi.

3 ikasle besterik ez direla bertaratu ikusi eta gero -asko etxean geratu dira-, kalera atera dira protestarekin jarraitzeko.

Bide batez, ikasleek aipatu dute errebalida azterketa zabaltzeko prozedura ez dela bat ere gardena izan, eta zuzendaritzak ez diela jakinarazi data, euren kabuz lortu baitute.

Plantoa LOMCEri
Ikasle eragileetako kideek uste dute Heziberri planak -Eusko Jaurlaritzarena- sustatzen dituen errebalida azterketak LOMCE legeari daudela lotuta zuzenean, eta horregatik antolatu dituzte aurkako mobilizazioak eta dinamikak.

Eskualdean iaz hasi ziren protestekin eta errebaliden aurkakoak ez ezik, PISA azterketen kontrakoak ere egin dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide