Laudioko EAJko zinegotziek prentsaurrekoa egin dute gaur azaltzeko "jazarpen sistematikoa" pairatzen ari direla azken astean.
Asteazkenean Batzokiko ikurrina lapurtu eta ikur espainiarrarekin ordezkatu ez ezik, kartelak ere jarri zituzten EAJren aurka. Horrez gain, asteburuan zenbait jeltzale iraindu dituzte. Juanma Ibarretxek, udal taldeko bozeramaileak, jarrera eta ekintza horiek EH Bilduko ingurukoei leporatu dizkie, zehazki Ernai gazte antolakundeari.
Ordezkari politikoek argitu dute kritikak jasotzeko prest daudela, baldin eta errespetuz egiten badituzte eta jokabide demokratikoa baliatzen bada.
Hori dela eta, nabarmendu dute ez dutela iraganera itzultzeko asmorik eta jazarpena gelditzeko eskatu dute. Horren aurrean, jeltzaleek aldarrikatu dute bizikidetza eta elkarrizketa izan behar direla baliatzen diren tresna politikoak.