“Gauden testuinguruan akordio hau da eskaini dezakegun gehiengoa”. Hala adierazi zien Tubacexen zuzendaritzak Laudio eta Amurrioko fabriketako langileei hauek lan-hitzarmena onartu ez zutenean. Bihar greba egingo dute bi lantegietan, LAB, USO eta STAT sindikatuek deituta.
Gatazkak gatazka, onura handiak izan ditu Tubacexek azken urteetan. Iaz 490,4 milioi euroko salmentekin itxi zuen urtea. Etorkizun oparoa du gainera: 700 milioi eurotan baloratutako eskaerak ditu esku artean. Hor dago Iranekin sinatutako 500 milioi euroko akordioa, momentuz etenda dagoen arren.
Lortutako emaitzek eragina izan dute zuzendaritzako goi-karguen soldatetan. Jesus Esmoris Esmoris kontseilari delegatuak 462.000 euro jaso zituen iaz, 2016an baino 4.000 euro gehiago. Tubacexeko presidentea den Alvaro Videgain Murok, aldiz, 246.000 euro eskuratu zituen. Guztira 1,45 milioi euro banatu zituzten administrazio kontseiluko hamabi kideen artean.
Jasotzen duten diru kopurua handitzen joan da urtez urte. 2014an (aurreko lan-hitzareman sinatu zen urtean) 1,34 milioi euro banatu zituzten administrazio batzarreean, 2017an baino 100.000 gehiago (eta hori kontuan hartuta garai hartan 11 pertsona zeudela zuzendaritza organoan, ez 12).
Lan-hitzarmena, martxotik ezbaian dagoen auzia
Martxoa erdialdean hasi zen dena, ELA, CCOO eta Independenteek lan-hitzarmen berria sinatu zutenean enpresaren zuzendaritzarekin. “Enplegu finkoa, errelebo-kontratuak eta soldatetan hobekuntzak” barnebiltzen zituen akordio horrek, zuzendaritzaren aburuz.
Baina STAT, USO eta LAB sindikatuek iritzi ezberdina zuten. Oharra plazaratu zuten hiru sindikatuek, lan-hitzarmena sinatzeko prozeduran egondako irregulartasunak azaltzeko eta “ezinbestekoak” ziren zenbait puntu akordiotik kanpo utzi zituztela salatzeko. Euren ustez, enpresak apirila baino lehen sinatu nahi zuen akordioa, hilabete horretan aurkezten direlako 2018ko lehen hiruhilekoko datu ekonomikoak. “Sinatutako akordioak ez du konpontzen zuzendaritzak azken lau urteetan gehiegikeriaz erabili duen lan-malgutasuna, behin-behinekotasunak sortutako prekarietatea edota aparteko orduen areagotzea”, azaldu zuen LAB sindikatuak. Horregatik guztiagatik, akordioaren aurka bozkatzeko deia luzatu zieten hiru sindikatuek langileei.
Langileek gehiengoak bozkatu zuen ELA, CCOO eta Independenteek enpresarekin sinatutako lan-hitzarmenaren aurka
Langileen gehiengoa, aurka
Aste Santua iristear zela egin zuten langileen batzarra, erdietsitako lan-hitzarmena bozkatzeko. 740 behargin bertaratu ziren zitara, eta gehiengoak -392- akordioaren aurkako botoa eman zuen. 327 pertsonek bozkatu zuten alde eta 14 boto zuri eta 7 nulu egon ziren.
Enpresaren zuzendaritzak oso azkar erantzun zion langileek hartutako erabakiari. Mehatxu argia egin zien beharginei, akordioa mahai gainean 30 egunez izango zuela adierazita. Epe hori igarota langileek akordioa onartzen ez bazuten enpresak ez zituen bere gain hartuko dokumentuan zehaztutako konpromisoak. “Inbertsioetan, aurrejubilazio planetan eta enplegu finkoan eragin zuzena izango luke horrek”, jakinarazi zuen zuzendaritzak langileei zabaldutako oharrean.
Beste ohar batekin erantzun zioten LAB, USO eta STAT sindikatuek zuzendaritzaren mehatxuei. “Indar gehiagorekin” negoziatzeko borondatea erakutsi zuten hiru sindikatuek, eta nabarmendu zuten hainbat puntu jarri behar zirela hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren gainean: soldaten igoera, lan finkoa sendotzea, behin behineko langileen baldintzak hobetzea, segurtasuna bermatzea eta makineria eskualdeko lantegitik atzerrira ez eramatea. Hiru sindikatuen aburuz, 50 lanpostu finko suntsitu dira aurreko hitzarmena sinatu zenetik eta 250 behin-behineko langile aritzen dira Tubacexen Laudio eta Amurrioko faktorietan.
Zuzendaritzak adierazi du ez duela negoziatuko
Zuzendaritzak, baina, negoziatzeko borondaterik ez zuela adierazi zuen. Horren aurrean, STAT, USO eta LAB sindikatuek greba deitu dute ostiral honetarako, eta ez dute baztertzen beste bi lanuzte gehiago ere egitea hurrengo ostiraletan. ELA, CCOO eta Independenteek, aldiz, afiliatuekin zehaztuko dute grebarekin bat egin edo ez. Enpresak, bere aldetik, akziodunen batzarra deitu du maiatzaren 4rako.