aiaraldea.eus

Futbol talde berria aurkeztu dute: Laudio Gorritazuri Kluba

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Aspuru Saez   Kirola  Laudio

Oinarrizko futbola lantzea da asmoa, eta 150 jokalari inguruk izena ematea hurrengo asteetan. Ekainaren 15ean jakinaraziko dute egitasmoak aurrera egingo duen.

Futbol talde berria aurkeztu dute: Laudio Gorritazuri Kluba
Atzoko aurkezpenaren irudia. Ezkerretik eskuinera, Hassan Arakrakki, Javier Zaballa eta Juan Cruz Lopez. / Aiaraldea.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

CD Laudioren jarraikortasuna argi ikusten ez duen jende talde batek proiektu berria abiatu du: Laudio Gorritazuri Kluba, hain zuzen. Atzo aurkeztu zuten ekimena dozenaka lagunen aurrean Kultura Etxean.

Javi Zaballa presidenteak -aspaldiko CD Laudioren arduradun nagusi ohiak- azaldu zuen CD Laudioko egoera ekonomikoaren ondorioz hartu dutela erabakia klub berria sustatzeko. Izan ere, klubak 218.000 euro inguruko zorra dauka oraindik, baina, antza, 2. B mailara igo ezean, 78.000 euro soilik ordaindu beharko lizkioke FOGASAri hurrengo 5 urteetan.

Hori ez ezik, Laudio Gorritazuriko zuzendaritzak ez dauka argi zein diren CD Laudioko arduradun presidentearen helburuak, Gasteizko klub bateko kidea baita.

Horregatik guztiagatik, proiektu berria sortu dute bi helbururekin: oinarrizko futbolaren jarraipena bermatzea eta CD Laudioko zuzendari berriekin negoziatzea udalerriko klub historikoaren etorkizuna.

Javi Zaballak azaldu duenez, CD Laudioren zorrari modu jasangarrian aurre egiteko adostasuna lortzea du asmotzat, kanpotik bada ere.

Proiektu berria
Osatu duten zuzendaritzan Laudioko futbol zaleek ezagutzen dituzten hainbat izen daude: Juan Cruz Lopez, Jesus Yuste edota Jose Felix Garrido "Kali".



Filosofia berria
Hassan Arakrakkik hartuko ditu bere gain kirol koordinazioaren ardurak. "Trebakuntza izango da gakoa", adierazi du. Horrela, jarraikortasuna, konpromisoa eta ahalegina izango dira ardatz nagusiak, eta horiek hartuko dituzte aintzat, gazte guztiek jokatu dezaten.

Gauzak horrela, eskola, benjamin, kimu, haur eta kadete kategorietan, azken kasu horretan 1. urtean, lehentasuna izango da trebatzea. Hala eta guztiz ere, kadete kategoriako 2. urtean eta gazte kategorietan lehiaketarako prest ez dauden jokalarientzako taldeak ere osatuko dituzte.

Hori dela medio, gazte kopuru handia erakarri nahi dute, ahalik eta talde gehien sortzeko. "Gehienez 18 jokalari izango du talde bakoitzak, guztiek jokatzeko aukera izan dezaten" nabarmendu du Arakrakkik.



Preferente eta 3. maila
Javi Zaballaren ustez, momentuz, Laudion ez dago gaitasunik talde bat 2. B mailan egoteko. Hortaz, euren apustua da erregional preferentera heltzea edo, gehienez, 3. mailara. Azken helburu hori beteko balitz, beste talde bat eratuko lukete, aurreko kategorietan lehiatu dadin harrobia.

Izena ematea
Interesdunekin aritzeko, Kultura Etxean egongo dira ekainaren 2an eta 9an, larunbatak, 11:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 19:00ak arte. Astearte eta ostegunetan ere egongo dira 17:00etatik 19:00etara bitartean. Posta elektronikoz ere mezua bidali daiteke: laudiogorritazuri@gmail.com.

Ekonomia
Klubak zerotik abiatuko du ibilbidea eta, ondorioz, baloiak eta ekipamendu osoa erosi beharko ditu. Dena den, dagoeneko udalarekin hizketan ari dira diru-laguntza eskuratzeko. Bazkide bakoitzak 40 euroko ekarpena egin beharko du, eta 220 eurokoa jokalari bakoitzak. Alabaina, hobariak egongo dira zenbait kasutan: eskola kirola praktikatzekotan edota anai batek baino gehiagok izena emango balu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa