aiaraldea.eus

“Laudion futbol klub bakarra egotea da guretzat funtsezkoena, horren alde egingo dugu lan”

Erabiltzailearen aurpegia Txabi Alvarado Bañares   Kirola  Laudio

CD Laudioren balizko presidente eta ekonomia zuzendari berriak dira, hurrenez hurren, CARLOS LARRORY CIORDIA eta JORGE RIOS GARCIA. Gaur arratsaldean aurkeztu dituzte Laudioko Kultur Etxean klubarentzako prestatu dituzten kirol eta ekonomia planak. Ehun bazkide eta herritar baino gehiago bertaratu dira euren azalpenak entzutera.

“Laudion futbol klub bakarra egotea da guretzat funtsezkoena, horren alde egingo dugu lan”
Ezkerretik eskumara, Carlos Larrory Ciordia eta Jorge Rios Garcia. / Aiaraldea.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

Balizko zuzendaritza berriko kideak zaretenak CD Vitoria klubeko zuzendaritzan ere zaudete. Zerk bultzatu zaituzte CD Laudioren zuzendaritza zuen gain hartzera?

Kirol proiektu bat garatzearen ilusioak motibatzen gaitu batez ere. Oso egitasmo interesgarria iruditzen zaigu, Laudio hiriak dituen nolakotasunengatik. Asko erakartzen gaitu proiektu horretan murgiltzea, futbola gogoko dugulako. Gainera, modu horretan klub historiko eta erreferentzial honek existitzen jarraitzea lortzen badugu, ongietorria izan dadila. Hori da gure asmoa: horri begira lan egitea eta proiektuak aurrera egitea.

Kultur Etxean eginiko aurkezpenean nabarmendu duzue ez zatoztela CD Vitoriaren interesak ordezkatzera. Baina, era berean, aipatu duzue Gasteizko klubeko kirol eta ekonomia proiektuak baliatuko dituzuela. Zertan datzate proiektu horiek?

CD Vitoria klubean bizi izan ditugun sinergiak CD Laudiora ekartzen saiatuko gara. Uste dugu emaitza ona lortu dugula Gasteizen azken bederatzi urteetan eginiko ibilbidean. Baina uste dugu proiektu horiek Laudion askoz hobeto garatu daitezkeela. Oso erronka polita da guretzat proiektu hau aurrera atera ahal izatea. Hortik aurrera lortu ditzakegun onurak gure lanaren eta ezagutzen eta klubaren kudeaketaren ondorio izango dira.

Nabarmendu duzuenez, nahi duen ume eta gazte orok izango luke CD Laudion jokatzeko aukera.
Geroz eta jende gehiago egon, orduan eta hobe. Guk ez dugu ezer zorrotzik egingo zentzu horretan. 14 talde sortzeko gai bagara ongietorriak izango dira. CD Laudion jokatu nahi duen orok izango du bere hiriko taldean jokatzearen harrotasuna.

 

“CD Vitoria klubean bizi izan ditugun sinergiak CD Laudiora ekartzen saiatuko gara”

 

Proiektu ekonomikoari dagokionez, CD Laudiok duen zorra desagerrarazteko plan bat duzuela aipatu duzue. Nabarmendu duzuenez, ez duzue kuotak igotzeko asmorik. Nola egingo duzue orduan?

Ulertu behar dugu proiektu honetan sartzen garenean baloratu egiten dugula arazo ekonomiko larri bat dagoela, CD Laudiok bere kabuz konpondu ezin duena. Proiektu honetan murgilduta badakigu diru hori guk jarri beharko dugula. Hortik aurrera klubak aurrera egingo du, bere baliabide eta interes propioekin, baina argi dago lehen bultzada proiektu honetan sartzen garenok eman behar dugula. Hori bai, guztien bultzada, konfiantza eta ahalegina izan behar ditugu, noski. Proiektu hau aurrera aterako badugu, CD Laudio bezala izango da.


“Proiektu honetan murgiltzean jakitun gara zorra ordaintzeko dirua guk jarri beharko dugula”


Laudioko futbolaren “batasuna” aldarrikatu duzue aurkezpenean. Nola baloratzen duzue asteartean aurkeztu zen klub berriaren sorrera?
Guretzat funtsezkoa da ulertaraztea 91 urteko historia duen klub bat salbatzera gatozela. Bere ibilbide propioa izan du CD Laudiok, gauza on eta txarrekin. Klubaren armarriarekiko errotzea sustatu nahi dugu, jende askok maite duelako oraindik. Hori garrantzitsua da guretzat. Banaketa bat egotea ez zaigu interesgarria iruditzen. Izan CD Laudio edo talde berria bat, argi dugu erreferente bakarra egon behar dela herrian. Beste herri eta eskualde batzuetan ere eratu dira talde berriak, eta ez da oso positiboa izan, gatazka eta zailtasun ugari egon direlako. Ez da egokia ume bat alde batetik eta beste bat bestetik joatea. Ez da egoerarik egokiena.

Gauzak hala, uste dugu herrian talde bakarra egon behar dela, onerako eta txarrerako. Uste dugu garrantzitsua dela iritzi hori bazkideei eta Laudioko herritarrei helaraztea, eurak direlako erabakia hartu behar dutenak.

Aipatu duzuenez, taldeen batasun hori lortu ezean ez duzue CD Laudioren zuzendaritza zuen gain hartuko.

Hala da, bai. Herrian talde bakarra egotea da gure asmoa, onerako zein txarrerako. Herritarrek uste badute egokiagoa dela CD Laudiok ez jarraitzea -beste taldearen mesedetan- guri erabaki hori zilegia irudituko zaigu. Babes nahikorik ez dugula ulertuko dugu eta ez gara sortu daitezkeen ekimenei oztopoak jartzen arituko, ez zaigu hori logikoa ez eta zentzuduna iruditzen. Talde berri bat sortzen bada eta bere lana ondo egiten badu, aurrera. Guk ez dugu banaketa sustatzeko inolako interesik.


“Uste dugu herrian talde bakarra egon behar dela, onerako eta txarrerako”

 

Laudio Gorritazuri Klubak bere bidea jarraituko balu, beraz, ez zenukete CD Laudioren zuzendaritza hartuko?

Batasuna egotea nahi dugu. Hori bai, klub berri horrek bi talde baino ez baditu sortzen -adibidez- gehiengoa guregana etorriko litzatekeela ulertzen dugu. Kontrara, gu bi talderekin baino ez bagara geratzen eta klub berriak gainontzekoak eramaten baditu, ez du zentzurik izango jarraitzeak. Gurekin kontatu duten familiei eskerrak emango genizkie gugan konfiantza izanagatik, baina beste taldean sartzera gonbidatuko genituzke, hoberena izango litzatekeelako. Hori da guretzat funtsezkoena: Laudion klub bakarra egotea eta hiriaren erreferentea izatea. Horren alde egingo dugu lan.

Gaur egun klub bakarra dago: CD Laudio. Ulertu dezakegu bere unean kluba desagertuko zenaren kezka egotea, baina gaur egun ez da aukera hori existitzen. Talde berri bat sortuta kategoriak galduko genituzke: Preferentea, Ohorezko Jubenila, Kadeteen lehen maila... uste dugu hori ez litzatekeela positiboa izango, herriaren batasuna nahi dugu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa