Duela bi aste izan zen Aspanovas elkartea laguntzeko ekimena. Egun osoko egitaraua osatu zuten dirua biltzeko. Besteak beste, dantza erakustaldiak, zumba eta Pirritx, Porrotx zein Marimototsen Laudioko lehengusu eta lehengusinek hartu zuten parte.
Egindako lanak utzi du emaitza: 3.000 euroko irabazia. Izaskun del Cerro izan da ekimenaren sustatzaileetako bat, eta adierazi duenez, oso pozik daude: "Pertsona pila batek hartu zuten parte, Laudioko jendea oso eskuzabala da. Egun batean 3.000€ lortzea zaila da, eta eskuratu egin ditugu!". Ekimenaren balorazio "oso positiboa" egin du. "Azken astean oztopo asko eduki genituen, baina aurrera egin genuen. Aspanovasekoak ere oso pozik daude", adierazi du.
Helburua bete da, haren ustez. Dena den, nabarmendu du, laguntza asko jaso dutela: "Atzean jende asko egon da laguntzen. Taberna eta enpresen babesa ere izan dute. "Asko dugu eskertzeko. Lan-talde handia izan da eta taldeak oso ondo funtzionatu du".
Laudiokoa ez da izan Aspanovasen aldeko jarduera bakarra. Urtarrilean Arrankudiagan azoka solidarioa egin zuten.