"Kulturkon": Laudioko I. Kultura Kongresua, bizitza kulturalaren garapena helburu

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko eka. 8a, 12:00

Lamuza parkea bihurtu nahi dute kulturaren motor. / Aiaraldea.eus

Laudioko Kultura Asanbladak Laudioko I. Kultura Kongresua deitu du 2019. urte hasierarako. Herriko kultur baliabideak hornitu eta elkarlan eta jasangarritasunean oinarritutako kultur bizi eredu baten inguruan hausnartzeko parada hartuko dute bertan parte hartuko duten eragileek eta norbanakoek.

“Kulturkon” aurkeztu berri du Laudioko Kultura Asanbladak, Laudioko kultura ereduaz hausnartu eta proiektuak sendotzeko antolatuko duten Laudioko I. Kultur Kongresua. 2019ko urtarrilean abiatuko da hausnarketarako tartea, baina urritik aurrera kongresuaren barruko ekintza kultural ugari abiatuko dituzte. Elkarrizketaz, lan-mahaiaz, ekintza kulturalez, ibilaldiz eta hitzaldiz osatutako kongresua izango da.

Antolatzaileen hitzetan, “aukeraz betetako” unean aurkitzen da Laudio, kultur ereduaz hausnartu eta proiektu integrala aurrera ateratzeko. Arabako Foru Aldundiak Lamuza Parkeko erakinak berreskuratzeko ekingo dion proiektuak edota udalak kultura-ekipamenduak birgaiztu eta eraikitzeko dituen proposamenak orube emankorra eskainiko dute.

Besteak beste, hainbat baliabide eta azpiegitura berreskuratu nahi dituzte, izan paisajistikoki, arkitektonikoki edo ikuspegi gizatiarretik. Parkea dute antolatzaileek horretarako ardatz. Izan ere, Lamuza Parkea Laudioko kulturaren motor izatea nahi dute.

Hausnarketa prozesu horretan aurrekari ugari izan dira Laudion: 2010eko Lamuzako birgaitze plan berezia, 2014ko une kulturalaren diagnostikoa edota 2016ko kultur mapa, besteak beste. Eragile eta norbanakoen lana ere azpimarragarria izan da, SOS Lamuza Parkea kasu.

Horregatik, antolatzaileek herriko kolektibo, eragile sozial, norbanako, merkatari eta abarren inplikazioa bilatuko dute I. kongresu horretan. Ortuzainaren Etxea eta Kasinoa izango dira hausnarketen epizentroa.

Kulturkon: kultur sorkuntzarako plaza
Hausnarketaz harago, kulturaren plaza ere izango da “Kulturkon”. Urrian ekingo diote eskaintza kulturalari. Eskaintza bi programa nagusitan banatuko dute: “Bienbitartean” eta “Gonbidatuak”. Lehenengo programa herriko taldeen proiektu berritzaileen erakusleiho izango da eta bigarrenak kanpoko sortzaileak ekarriko ditu Laudiora beraien proiektuak partekatzera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide