Santa Anan nekazaritza pabilioi bat eraikitzeko emandako obra-lizentziaren baliogabetasuna aitortu zuen Laudioko Udalak iragan osteguneko ezohiko udal osoko bilkuran. EH Bilduren udal gobernuak Omniako zinegotzien jarrera kritikatu zuen, hauek udalbatza aretotik atera zirelako puntu horren bozketan.
Baina alderdi laudioarrak prentsa-oharra plazaratu du bere jarreraren nondik norakoak azaltzeko. Obra lizentziaren afera nondik datorren azaldu dute Omniako kideek: “2011an, Laudioko Udalak obra lizentzia bat eman zuen Santa Anako udal parkearen barruan nekazaritza parke bat egiteko”. Lizentzia hori ematea aho batez onartu zen tokiko gobernu batzordean. “Omniak alde bozkatu zuen udaleko arkitektoak eta hirigintza arduradunak obraren aldeko txosten bana aurkeztu zutelako”.
2015ko maiatzean auzokide batek salaketa jarri zuen eraikina Santa Anako parkean zegoelako. Omniak adierazi du opozisioko zinegotziek ez zutela salaketa horren berri izan urtebete igaro arte. Horregatik, ordutik aurrera tokiko gobernu batzordean bozkatu diren gai guztietan abstenitu dira alderdi laudioarreko zinegotziak, bertan lantzen diren puntuekiko “babesgabe” sentitzen direlako.
“Pertsonak zinegotziak baino lehen”
Omniako kideek azaldu dute bi gauza eskatu zizkiotela udal-gobernuari salaketaren berri jaso zutenean: ikerketa batzorde bat eratzea eta lizentziaren berrikuspen prozesua abiaraztea, “lizentzia baliogabetu baino lehen egon zitezkeen beste aukera guztiak” baloratzeko.
Opozisioko talde politikoak salatu du udal gobernuak eskaera horietako bat bera ere ez duela bete, eta lizentzia baliogabetzera jo duela.
Gauzak hala, Omniako kideek adierazi dute ez dela argitu nolatan zioten txosten teknikoek parke horretan eraikin bat egin zitekeela. “Inork ez zuen ikusi edo neurtu lizentzia hori ematen ari zen tokian ezin zela eraiki?”, galdetu dute prentsa-oharrean. Horregatik, gertatutakoa “bidegabekeria” bat dela ondorioztatu dute Omniako kideek, “auzokide batzuen -eraikinaren jabeak- kaltetan jokatzen ari delako, arazoak konpontzeko tresna eta aukerak eman gabe”.
Gauzak hala, Omniako kideek adierazi dute zinegotzi gisa dituzten betebeharren gainetik dagoela “auzokideen eskubideak defendatzeko duten ardura etiko eta morala”.