Proposatutako inbertsio gehienen aurka bozkatu du opozisioak

Txabi Alvarado Bañares 2018ko eka. 7a, 23:09

Gaur arratsaldean egin dute ezohiko udal osoko bilkura. / Aiaraldea.eus

Bi diru-partida baino ez dira onartu: Irinen-etxearen desjabetzea egiteko erreserbatuta zegoena eta basoberritzea gauzatzera bideratutakoa.

Ezohiko udal osoko bilkura egin da gaur arratsaldean Laudioko udaletxean, udal-gobernuak proposatutako zenbait diru-partida bozkatzeko.

Amets Meaza alkateordeak azaldu du 13 inbertsio aurkeztu dituztela guztira, 8 puntutan bilduta. Udal-gobernuak maiatzeko bilkuran aurkeztutako inbertsio-planaren barruan zeuden 13 inbertsio horiek, beste hamaseirekin batera. Meazak nabarmendu du opozisioak hala eskatu dutelako atera dituztela diru-partidak inbertsio planetik, bana-banan bozkatuak izan daitezen. “Oraingoan ezingo digute leporatu 'pakete itxi bat' aurkeztu izana”.

Opozisioaren irakurketa bateratua
Opozisioak irakurketa bateratua aurkeztu du plenoan. Idazki horretan “2018ko aurrekontuetarako aurreproiektua” aurkeztea eskatu diote EAJk, PPk, Omniak, PSE-EEk eta Txaro Sarasuak udal-gobernuari, “alegazioak eta emendakinak egiteko epe bat irekita”.

Udal gobernuak hori ez onartzekotan, beste gauza batzuk egitea eskatu diote opozisioko taldeek. Alde batetik, plenora hainbat puntu eramatea exigitu dute: Irinen fabrikako eta Goienuri-Isasi-Ugarteko kalte-ordainetarako, basoberritzeak gauzatzeko, Motxotekale kalea konpontzeko eta Isasi eta Bitorikako mendi-hegaletarako diru-partidak.

Bestetik, beste hainbat diru-partida “dagokien batzordean” aurkeztea eskatu diote opozisioko taldeek EH Bilduren gobernuari, “banaka eta aurretik proiektuak eta dokumentazioa aztertzeko denbora nahikoa emanda”. Hauek dira aurkeztea eskatu duten partidak: Ugarteko plazaren erreforma, Ugarteko plazako parkeko estalkia, haur eta nagusientzako parkeak, Santa Luziako eraikinaren berritzea eta ekipamendua, hezkuntza zentroetako obrak, kirol azpiegiturak eta kalistenia pista.

Horrez gain, 2019ko aurrekontu eztabaida aurten hastea eskatu du opozisioak, “zintzilik geratu diren gainontzeko gaiei heltzeko”.

 

Opozisioko taldeek irakurketa bateratua aurkeztu dute udalbatzan. 15 minutuko etenaldia egin dute talde politiko guztien artean hitz egiteko

 

“Denbora galtzea”
Udal-gobernuak denbora tarte bat eskatu du opozisioko kideekin irakurketa horren inguruan hitz egiteko. 15 minutu inguruko bileraren ostean itzuli dira plenora. Jon Ander Altubek adierazi du astelehenean gaiari buruzko batzorde bat egin zutela, eta bertan ez zela inolako ekarpen edo kritikarik jaso. Alkateordeak azaldu du “duela hamar egun” bidali zietela dokumentazio guztia gainontzeko talde politikoei, eta ez dutela inolako erantzunik jaso. “Badirudi batzordeetan ez dela ezer esaten, eta gero opozisioko talde guztien artean batzorde paraleloak egiten dituzuela”, salatu du Altubek.

Hala ere, nabarmendu du opozisioak hori egiteko eskubide osoa duela eta udal-gobernuak onartu egiten duela talde politikoek aurkeztutako dokumentua. Baina Altubek azpimarratu du irakurketan planteatzen diren partida gehienak udalbatzan bozkatzera eraman dituztenak direla. “Aukera dugu zuen dokumentuan jasotzen diren partidetako asko gaur bertan onartzeko. Ez diezaiogun herriari talde politikoen arteko akordio falta ordainarazi. Zertarako galduko dugu denbora?”.

Gauzak hala, bozketarekin aurrera jarraitzea erabaki du udal-gobernuak. Opozisioko talde guztiek bozkatu dute inbertsio proposamen ia guztien aurka. Bi diru-partida baino ez dituzte onartu: Irinen-etxearen desjabetzea egiteko erreserbatuta zegoena eta basoberritzea gauzatzera bideratutakoa.

Etxeko laguntza zerbitzua
Beste bi gai izan dituzte hizpide udal osoko bilkuran. Etxez etxeko laguntza zerbitzua izan da horietako bat. Foru Aldundiak hartuko du hemendik aurrera zerbitzu horren ardura. PSE eta EAJ dira alde bozkatu duten taldeak, gainontzekoak abstenitu egin dira -PPk puntuetako batean alde bozkatu du, hala ere-. Udal-gobernuak azaldu du gaur egungo egoeran udalak ezin duela zerbitzua kudeatu, baina etorkizunean bere gain hartzeko lan egin beharko dutela.

Amaitzeko, Santa Anan nekazaritza-pabilioi bat eraikitzeko obra-lizentziaren deuseztapena bozkatu dute. Eztabaida egon da talde politikoen artean puntu horretan. Txaro Sarasuak pabilioia eraikitzeko baimena eskatu zuten herritarrek pairatutako sufrimendua izan du hizpide. EAJk, bere aldetik, zalantzan jarri du ea obra lizentzia kendu egin behar den. Hori zalantzan jartzea kritikatu du udal gobernuak. Jon Ander Altubek nabarmendu du udalak ezin duela beste alde batera begiratu. “Egindakoaren gaineko erantzunkizunak hartu behar ditugu eta baimena eskatu zuten pertsonei eman beharreko kalte ordaina zehaztu beharko dugu gero”, azaldu du alkateordeak.

Zentzu horretan, Altubek Omniaren jarrera kritikatu du, alderdi laudioarraren lau zinegotziak udalbatzatik joan direlako puntu horren bozketan: “Ez dute busti nahi izan”. EH Bilduren aldeko botoekin onartu da puntua, gainontzeko taldeak abstenitu egin baitira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide