“Atleta herrikoia saritu nahi dugu Josito Memorialean”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko eka. 13a, 07:00

Laudioko Atletismo Klubeko presidentea da Alberto Talledo Pinedo. / Aiaraldea.eus

ALBERTO TALLEDO PINEDO (Laudio, 1971) Laudioko Atletismo Klubeko presidentea da. Igandean egingo den Josito Memorialaren VI. edizioari buruz mintzatu da.

Gaur amaitzen da Josito Memorialean izena emateko epea. Zenbat jende animatu da orain arte?

Gehienez 800 pertsonek parte hartzeko aukera emango dugu aurten. Aurreko urteetan egon zen kanpoan geratu zen jendea, eta hori ekidin nahi izan dugu dortsal kopurua handituta. Momentuz 610 kirolarik eman dute izena.

Nahiko lasterketa arrakastatsua da, beraz.

Bai. Jositoren omenez egiten dugu kirol proba hau. Kirolaren esparruan lan egiten zuen pertsona bat zen bera, kirol-arroparen munduan batez ere. Atleta herrikoiaren figura sustatu nahi izan dugu batez ere, lasterketaren aurkezpenean nabarmendu genuen bezala. Zirkuitua erabat laua da eta lasterkari herritarrak sarituko ditugu batez ere, eurak direlako lasterketak sustatzen dituztenak. Kirol arropa ugari lortu ditugu, eta igandean zozketatuko ditugu parte hartzaileen artean. 120 kirolari baino gehiagori egokituko zaie saria.

Lasterkari herrikoiak motibatu nahi ditugu horrela. Jende gutxi du podium batera igotzeko aukera. Oso zaila da, oso jende prestatua bertaratzen delako lasterketetara. Gauzak hala, lasterkari herritarrak ere modu batean edo bestean saritu nahi ditugu, parte hartzeagatik opari bat emanez. Kalitate handiko opari asko ditugu zozketatzeko. Horrez gain, ikusgarria da lasterkari guztiei emango zaien poltsa: kamiseta bat, bi galtzerdi pare, buff bat, esnea, salda, mota askotako galletak, gelak, energia barratxoak eta beste hainbat elementu izango ditu, oso poltsa handia izango da. Horrez gain, hiru kategoria egongo dira: orokorra, berrogei urtetik gorakoena eta berrogeita hamar urtetik gorakoena. Herriko onenek ere saria jasoko dute.

 

“Kirol arropa ugari lortu ditugu, eta igandean zozketatuko ditugu parte hartzaileen artean”

 

Sei urte daramatzazue lasterketa antolatzen. Zer nolako bilakaera izan du?

Asko hazi da zaletasuna. Laudion jende askok egiten du korrika. Baina, era berean, handitu egin da lasterketa kopurua. Lehen edizioak zailak izan ziren, lehen urtean 300 lagun egon ziren. Asko handitu da kopuru hori, eta orain uste dut egonkortu egin dela. Oso lasterketa gaztea da Josito Memoriala, baina onarpen handia izan du. Aurten guztira 650 pertsona inguru arituko direla uste dugu. Kopuru horri umeena ere gehitu behar zaio. Egunean bertan ematen dute izena, eta aurten 200 inguru izango direlakoan gaude.

Igandekoa da denboraldiko azken lasterketa. Zer asmo eta proiektu dituzue datorren urteari begira?
Badaude bi zita urtero errepikatzen ditugunak: Laudioko krosa -azaroan izango dena- eta Eskola Krosa, otsailean Lamuza Parkean egiten dena. Urtarrileko azken igandean Herri krosa egiten dugu, errepidetik doan zirkuitu batekin, eta Josito Memoriala izango genuke berriz ekainean. Horiek dira ikasturteko gure lau lasterketa finkoak. Parte hartzea mantentzen eta lasterketen hainbat afera tekniko hobetzen saiatuko gara, beti dago zer hobetu.

 

“Laudion jende askok egiten du korrika. Baina, era berean, handitu egin da lasterketa kopurua”

 

Aipatu duzunez, geroz eta jende gehiagok praktikatzen du atletismoa. Nola ikusten duzu kirolaren oraina eta etorkizuna?

Hiru atleta mota daude: federatua -korrika egitearen beharra duena-, maila ertain-altuko lasterkari herrikoia eta lasterkari “normala”. Normala izatea ez du esan nahi maila baxuko kirolaria denik. Bere buruarekin gustura sentitzeko korrika egiten duen kirolaria da, lehiatzea gogoko ez duena. Badago halako jendea eta guztiz errespetagarria da. Hori bai, lasterketa batean parte hartzen duenak errepikatu egiten du gehienetan. Gero kontuan izan behar da baita ere norberak duen dirua. Lasterketa batzuk oso garestiak dira eta, horregatik, ezin duzu astero lasterketa batera joatearen luxua izan.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide