17 urte beteko ditu aurten Orbeko Etxeak. Egitarau oparoa prestatu dute Laudioko Gardea auzoko baserri okupatuko kideek urteurrena ospatzeko. Iragan larunbatean hasi zen programa, umeei zuzendutako hainbat ekintzekin. Atzo, aldiz, Aceros 25 urte dokumentala proiektatu zuten.
Bihar emango zaio jarraipena egitarauari, "Okupazioa eta klase borroka" hitzaldiarekin. Iruñako Maravillas Gaztetxeko, Gernikako Eztena espazioko, Gasteizko Errekaleorreko eta Arrigorriagako Kirolak eraikineko kideek hartuko dute parte bertan.
Musika eskaintza oparoa egongo da baita ere. Ostiral honetan -ekainak 22- Issuna, Himura, Lokuria eta GuZural taldeek joko dute. Larunbatean, aldiz, egun osoan zehar egongo da zertaz gozatu.
Datorren astean ere ekintza ugari egingo dituzte. Okupazioa eta kartzeletako borrokak izango dituzte hizpide, besteak beste. Ez da faltako ezta Jedi Galaktikoa jaialdia. Orbeko eta Star Warsen unibertsoa uztartzen dituen filma bat estreinatuko dute bertan: El último concierto.
Ekainaren 30ean emango diote amaiera urteurrenari, egun osoko egitarauarekin.
17 urteko ibilbidea
17 urte igaro dira gazte talde batek baserria okupatu zuenetik. Gorabehera asko bizi izan ditu proiektuak, baina egun oso osasuntsu dago. Astero egiten dituzte kontzertuak eta bestelako ekintzak. Mundu osoko eta oso estilo anitzeko taldeak igo dira Orbekoko oholtzara.
Areto nagusiaz gain, beste hainbat espazio ditu etxeak, modu erregularrean erabiltzen direnak: boulderra, serigrafia tailerra eta liburutegia, besteak beste. Proiektuaren funtzionamendua kudeatu eta ekintzak plateatzeko bilera irekiak egiten dituzte ostegunero, 19:00etan.