Iaz egin zuten Aretako Trail Lasterketaren lehen edizioa. Nahiko arrakastasua izan zen, antolatzaileen nabarmendu dutenez. “100 kirolari biltzea zen gure asmoa, eta azkenean dortsalik gabe geratu ginen”, aipatu du Unai Llanok.
Arrakasta horren ondorioz erabaki dute bigarren edizioa egitea, “Aiaraldeko zein eskualdetik kanpoko jendea” animatzeko asmoarekin. “Babesle eta laguntzaileek gehiago lagundu digute aurten, iazko arrakasta ikusita”.
Arrakastaren gakoa
Zein izan da arrakastaren gakoa? Mugagabe trailaren eragina nabarmendu du Llanok. “Lasterketa hori nahiko arrakastatsua da, eta horren ondorioz kirolari asko zaletu dira hemen inguruko mendietatik ibiltzera”. Aretakoa oso lasterketa anitza dela nabarmendu du jai batzordeko kideak. “Korrikalariak errepidetik eta harrien zein lurraren gainetik aritzen dira lasterka”.
Ibilbideari dagokionez, iazkoaren antzekoa izango da lasterketa. “Herritik atera eta bertan bukatzen da, eta Aretako mendi bakarra, Alpitxu, zeharkatzen du, Goikoganerekin batera”, azaldu du Llanok. 12 kilometro egin beharko dituzte korrikalariek guztira, 750 metroko desnibel positiboarekin.
Baina egongo da iazko edizioarekiko aldaketa nabarmen bat: aurtengoa arratsaldez izango da. 18:00etan abiatuko dira parte hartzaileak Aretako zubitik.
Izena emateko epea irekita dago dagoeneko Sportmaniacs.com atarian, gaur arte -uztailak 23-. “200 parte hartzaile egon ahalko dira gehien jota”, adierazi du Llanok, eta aurreratu du aurtengo edizioa ondo ateratzen bada aurreantzean Aretako Jaietako ekintza finko bihurtuko dutela traila.