Asteleheneko ezohiko udal osoko bilkurak inbertsio sortari oniritzia eman eta gero, Laudioko Udala hasia da Latiorroko zubiaren eraistea prestatzen.
Ahalik eta azkarren heldu nahi diote esleipenari eta 105.000 euro bideratuko dituzte horretara. Jon Ander Altube alkateordeak aurreratu du astebeteko lana izango dela, gehienez. Oztopo handiena izango da Renfek neurri zorrotzak ezarri dituela. Hortaz, gauez gauzatuko dituzte obrak tren trafikoa ez eragozteko. Altubek ziurtatu du egun horrelako zubirik eraikitzea ez litzakeela posible izango: "Renfek jadanik ez du baimentzen trenbide gainetik ezer egotea".
Laudioko tren geltokia
Horrez gain, Jon Ander Altubek aipatu du espero duela Renfek azkartzea Laudioko tren geltokiaren berritze lanak. Izan ere, Aretan abiatu zituzten duela hilabete batzuk eta, printzipioz, Laudiori dagokion proiektua oraindik aztertzen ari dira Madrilen. Zubiaren material soberakinak “txatarrara” bideratuko dituzte.
Udal ordezkariak azpimarratu du ezinbestekoa dela Renfek igogailua eraikitzea, irisgarritasuna bermatzeko. Hori ez ezik, sarrerako espazioa beste modu batean banatuko du, nasak igota eta bi markesina gehituta.