Ezohiko udal osoko bilkura egin zuten atzo Laudion 16:30ean eta 20 diru partida onartu zituzten bertan. Maiatzaren 28ko udalbatzatik atzeratzen joan direnak, hain zuzen.
Esaterako, 20.000 euroko inbertsioa adostu zuten Isasiko mendi-hegala berreskuratzeko proiektua gauzatzeko.
Era berean, beste 18.050 euroko partida onartu zuten Bitorikako harrobia atontzeko. Horrez gain, 18.150 euro bideratuko dituzte duela bi aste jazotako euriteek Motxotekalen eragindako kalteak konpontzera.
Esan bezala, azken udalbatzetan hizpide izan dituzten hainbat proiektuetarako diru-partidak ere onartu dituzte. Gauzak hala, 511.745 euro bideratuko dituzte Ugarteko plaza berritzera. Nagusientzako parkeak egiteko 12.500 euro baliatuko dituzte, eta beste horrenbeste umeentzako jolasguneak egokitzeko.
Inbertsio nabarmena izango da Ermu Andra Mariko tabernakoa; 205.200 euro. Aldiz, 903.512,67 euro bideratuko dituzte hezkuntza zentroetara.
728.000 euro kirol guneetan
728.000 euro bideratuko dituzte guztira kirol azpiegituretara. 151.000 euro erabiliko dituzte Ellakurin aldagela berriak egiteko eta 220.000 euro San Martingo futbol-zelaikoak hobetzeko.
192.000 euro gordeko dituzte Gardeako tenis pistaren sabairako, 55.000 euro hockey zelaiaren argiztapenerako, 45.000 euro Aretako frontoian hainbat berrikuntza egiteko, 30.000 euro Granja kiroldegiko igerilekuetarako eta 35.000 euro Latiorroko kalistenia pistarako.
Antzokia
Altzarrateko antzokiaren proiektua egiteko diru partida ere onartu zuten udalbatzan, 347.391 eurokoa. “Behin betiko egikaritze proiektua izango da”, azaldu du Jon Ander Altube alkateordeak.
Bestelako obra batzuk gauzatzeko diru-partidak ere onartu zituzten. Gauzak hala, 60.000 euro baliatuko dituzte Virgen del Carmen kaleko argiztapena hobetzeko eta 260.000 euro zonalde bereko zoladura berritzeko.
Amaitzeko, 60.000 euro erabiliko dituzte landa eremuko bideak hobetzeko eta 110.000 euro Laudioko erdigunea eta Latiorro lotzen dituen zubia botatzera.
Adostasuna nagusi
Talde politiko guztiek bozkatu zuten arestian aipatutako inbertsioen alde. PSE-EE izan zen abstenitu zen bakarra. Alderdi sozialistako zinegotziak hiru puntutan baino ez zuen alde egin: Isasi, Bitorika eta Motxotekalen egin beharreko lanei zegokien horietan.
Hala ere, azken udal osoko bilkuran egondako adostasuna ez da ohikoa izan azken hilabeteetan. Ekainaren 7an eginiko bilkuran udal gobernuak planteatutako inbertsio ia guztien aurka azaldu zen oposizioa. Gida-orria aurkeztu zuten orduan EAJ, Omnia, PSE-EE, PP eta Txaro Sarasuak. EH Bilduren udal gobernuak adierazi du gida-orri hori baliatu duela atzo plazaratutako inbertsio sorta osatzeko.
Ostiraleko prentsaurrekoan eman zuten EH Bilduko kideek inbertsio horiek nondik norakoen berri:
Gaur Jon Ander Altubek oso positibotzat jo du atzo proiektu guztiek aurrera egitea. Dena den, adierazi du ere: "oposizioak erakutsi nahi izan du 12 zinegotzik udal gobernuko 5 kide baino gehiago agintzen dutela, baina 18.000 laudioarrek 12 zinegotzi baino garrantzia gehiago dute."
Alkateordearen ustez, oposizioak hilabete atzeratu du proiektuen onarpena, legealdi bukaera oztopatzeko asmoz, baina inbertsioak gauzatuko direnez, baikorra dela jakinarazi du.