Zabor eta estolderia tasen kobrantzak kritika berriak sortu ditu oposizioaren aldetik

Aitor Aspuru Saez 2018ko uzt. 12a, 13:20

Zaborren bilketa zerbitzuaren kobrantzak daude polemikaren erdigunean. / Aiaraldea.eus

Laudioko EAJk, PSE-EEk eta Omniak prentsa oharrak zabaldu dituzte salatzeko udal gobernu taldearen kudeaketa zabor eta estolderia tasei dagokienez.

EAJk, PSE-EEk eta Omniak, Laudioko udaleko oposizioko talde nagusiek, oharrak bidali dituzte hedabideetara zabor tasen kobrantzen harira.

Hiru alderdiek argudiatu dute EH Bilduk atzeratu dituela zerga horien kobratzak hiru urtez. Gainera, biek gogoratu dute 2020an zergak igo behar dituela tokiko erakundeak. Izan ere, araudi europarra jarraiki, udal zerbitzuek ezin izango dute galerarik sortu.

Gauzak horrela, EAJk eta Omniak leporatu diote EH Bilduri kudeaketa kaskarra egitea eta milioi euroko diru sarrerak ez jasotzea.

EAJren proposamena
Jeltzaleek aipatu dute egungo zergak zabor kudeaketaren gastuaren %65 ordaintzen duela soilik. Ondorioz, 2020an %35eko igoera egin beharko da. Hori bat-batean gerta ez dadin, EAJk proposatu du aurten eta hurrengo urtean %12an igotzea zerga, 2020an zerbitzua askitasunera heltzeko.

Egun 75,72 euro ordaintzen dute herritarrek eta 2020an 116,49 eurokoa izango da faktura, EAJren kalkuluen arabera.

Omniaren iradokizuna
Omniak, aldiz, eskatu du zabor eta estolderiaren zergen ordainketa zatika egitea, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren -OHZ- kasuan egiten den moduan. Horrekin asmoa da laudioarren ekonomian ahalik eta eragin gutxien izatea. Talde independenteak adierazi du EH Bilduk ez duela aintzat hartu bere ideia eta inposizioa besterik ez duela erabiltzen.

PSE-EEren oharra
Alderdi sozialistak ere gaiari lotutako oharra plazaratu du. Akordioa lortzeko borondatea badu ere, gogor kritikatu du EH Bilduren kudeaketa. Juan Jesus Merchan Laudioko idazkari nagusiaren aburuz, udal taldeak ez du egonkortasun ekonomikorako araua bete eta 4 milioi euro kobratu gabe ditu.

Horren aurrean, lidergoa eskatu dio EH Bilduri likidezia arazoak ekiditeko.

EH Bilduren erantzuna
Jon Ander Altube alkateordeak polemika hauteskunde kanpainaren testuinguruan kokatu du: "zerga kanpaina hauteskunde kanpaina bilakatu nahi dute".

Oposizioari gezurretan aritzea leporatu dio Altubek eta gaineratu du udalak ez duela "zentimo bat ere" kobratu gabe utzi. Zentzu horretan, EAJ zein Omniari egotzi die alarma egoera zabaltzea udal aurrekontuen inguruan. EH Bilduko kidearen ustetan, udalaren egoera ekonomikoa oso ona da.

Horren guztiaren atzean udaleko finantza eta ekonomia plana dago. Duela gutxi EH Bilduk berea aurkeztu du eta Jon Ander Altuberen iritziz, oposizioaren asmoa da bere onarpena atzeratzea, "inbertsioen kasuan gertatu den moduan".

Gaurko batzordea
Gaur -uztailak 13- egin dute gaia lantzeko batzordea. Omniak oharra plazaratu du adierazteko bilera horrek ez duela ezertarako balio izan, "EH Bilduk bere iritzia plazaratu nahi izan duelako".
"Lehen unetik adierazi digute zein den plenora eramango duten proposamena, eta adierazi dute ez dutela aldatzeko asmorik". Era berean, gainontzeko talde politikoen proposamenak landu ez direla salatu du alderdi laudioarrak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide