EAJk leporatu dio EH Bilduri zabor tasak berandu kobratzea eta koalizioak hauteskunde estrategiatzat jo du salaketa

Erredakzioa 2018ko urt. 22a, 08:30

EH Bilduko udal taldea, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Laudioko EAJ eta EH Bilduren arteko giroa zakartu da azken astean. Jeltzaleek kudeaketarako ezintasuna leporatu diote koalizioari eta EH Bilduk erantzun du EAJk abiatu duela jadanik hauteskunde kanpaina.

Pasa den aste bukaeran EAJk oharra zabaldu zuen nabarmentzeko 2016, 2017 eta 2018ko zabor eta estolderia tasen kobrantzak atzeratu direla Laudioko Udalean.

Horren ardura leporatu zion udal gobernu taldeari eta, gainera, nabarmendu zuen EH Bilduk ez zuela behar besteko arreta erakutsi horren inguruan oposizioari erantzuteko.

Jeltzaleen ustez, zabor eta estolderia tasek ekarpen garrantzitsua egiten diete udal aurrekontuei, eta, euren aburuz, udal gobernu taldearen utzikeriak arazoak sor ditzake tokiko erakundearen ekonomian, zerbitzuetan eta inbertsioetan.

"Hauteskunde estrategia"
EH Bilduk ostiralean erantzun zuen eta EAJri egotzi dio oso urduri egotea hurrengo hauteskundeak direla medio. Halaber, koalizioak oso modu gogorrean adierazi du jeltzaleek gezurra erabiltzen dutela "arma politiko gisa" eta 2011tik ez dutela proiekturik.

Zentzu horretan, EH Bilduk azaldu du tasen kobrantzan atzerapena 2005etik dagoela, hau da, EAJk gobernatzen zuenetik, eta horrek ez duela eragozpenik sortzen udalean. Are gehiago, koalizioak erantsi du inbertsio handiak egin direla azken urteotan.

Bestalde, EH Bilduk aipatu du EAJk beste ohar bat plazaratu zuela Gabonetako Haur Parkearen harira. Horretan, jeltzaleek jakinarazi zuten babestuko zutela ekimena kiroldegian antolatzea. Horren aurrean, EH Bilduk gogoratu du EAJk eraman zuela umeentzako jarduera hori eremu pribatu batera eta eurek kokatu dutela berriro leku publiko batean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide