“Silvio Rodriguezen abestietan saiatzen gara nahiko fidelak izaten, gure ahalaren neurrian”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko abu. 16a, 07:00

Mikel Hernandez Oruesagasti eta Ekaitz Uzin Larrañagak osatzen dute taldea. / Silvio eta Rodriguez

MIKEL HERNANDEZ ORUESAGASTI (Soraluze, 1988) eta EKAITZ UZIN LARRAÑAGA (Soraluze, 1985) “Silvio eta Rodriguez” bikote akustikoa osatu dute, Silvio Rodriguezen abestien bertsioak jotzeko. Kontzertua eskainiko dute abuztuaren 24an Laudioko Jaietan, 21:30ean Txosnagunean.

Nondik dator Silvio eta Rodriguez proiektua? Nola sortu zen eta zer nolako bilakaera izan du orain arte?

Soraluzeko Gaztetxean urtero egiten da bertsio gaua ihauteritan, norberaren gustuko talde edo bakarlariak imitatzeko aukera izaten da, eta geuk pasa dan urtean Silvio Rodriguezen abesti batzuk egin genituen. Handik gutxira baten batek jakin izan zuen hori egin genuela eta Gazte Akelarrean “La jodedera” taldearekin batera gau kubatarrean parte hartzea proposatu ziguten. Bertsio gauean 4 abesti bakarrik egin genituen… baina hala ere baietz esan genuen eta lana eduki genuen abesti sorta osoa eskaintzeko, baina oso ondo irten zen. Gerora deitzen hasi zian leku batetik eta bestetik eta gu gustura gaudenez jotzen jarraitzen dugu.

Harrera ona izan du proiektuak, beraz.

Guk hasieratik dudak genituen ia ze harrera edukiko genuen, baina harritu gaitu beti oso harrera ona eduki dugula. 15 kontzertu inguru eskaini dugu orain arte eta publikoa beti egon da adi eta entregatuta. Ikusten da jendea gustura egoten dagoela eta geu be horrela egoten gara.

Jende heldua edo gaztea, zein da zuen ohiko publikoa?

Danetik eduki izan dugu, 3 urtetik 70-80 urtera. Jende nagusiak normalean ezagutzen dituzte abestiak. Gazteen artean danetik dago, batzuk Silvio zaleak dira eta beste batzuk ez dute ezagutzen, baina hala ere aitortu izan digute ezagutu ez arren asko disfrutatu izan dutea.


“Hemendik aurrera 'Silvio ta Rodriguez' beharrian 'Ainubeko troba' deituko gara. Honek ez du esan nahi Silvion abestiak egiteari lagako diogunik, baina beste batzuk be tartekatuko dugu”

 


Silvio Rodriguezen bertsioak egiten dituzue. Zer nolako bertsioak dira? Ukitu edo bereizgarri berezirik dute?

Silvion abestietan saiatzen gara nahiko fidelak izaten, gure ahalaren neurrian, zeren abesti batzuk oso konplikatuak eta aldrebestuak dira. Baina gero eta gehiago sartzen ditugu beste abeslari batzuen kantak, eta hauei bai ematen diegu gure tokia. Hau dala eta izen aldaketa egitea pentsatu dugu.

Hemendik aurrera “Silvio ta Rodriguez “ beharrian “Ainubeko troba” deituko gara. Honek ez du esan nahi Silvion abestiak jotzeari lagako diogunik, baina beste batzuenak ere tartekatuko ditugu, besteak beste, Chavela Vargas, Violeta Parra, Xabier Lete, Mikel Laboa... eta gustuko ditugun beste asko.

Laudioko txosnagunean joko duzue. Zer topatuko du bertan eskainiko duzuen kontzertura gerturatzen denak?

Normalean zuzeneko baten jotzen ez diren abesti eder eta ezagun batzuk entzuteko aukera izango du. Eta gerturatzeko aukerarik ez duenari, gero ordu txikitan parrandan baliteke oraindik abestitxo batzuk entzuteko aukera izatea!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide