EiTBko zuzendariak justifikatu du Laudioko tokiko ekoizle batek zeraman “Altsasukoak aske” kamiseta zentsuratu izana

Erredakzioa 2018ko abu. 2a, 12:05

Maite Iturbe Eusko Legebiltzarrean. / Irekia

Erabakia hedabidearen estilo liburuari jarraituz hartu zutela argudiatu du zuzendaritzak Gasteizko legebiltzarrean.

Juan Angel Lekanda tokiko ekoizle laudioarraren elkarrizketa ez grabatzearen arrazoien inguruan mintzatu da EiTBko zuzendari nagusia den Maite Iturbe Gasteizko parlamentuan.

Ekainaren erdialdean ETBk kontratatutako ekoiztetxe bat Laudiora joan zen Lekandari elkarrizketa egiteko, gastronomia saio baterako. “Altsasukoak aske” zioen kamiseta zeraman tokiko ekoizleak, eta grabaketaren arduradunek esan zioten kamiseta hori aldatu beharko lukeela grabaketa egiteko.

Laudioarrak kenduko ez zuela erantzun zien, eta bertan behera utzi zuten grabaketa, “zuzendaritzako kide batzuekin kontsultatu eta gero”.

Maite Iturberen azalpenak

Eusko Legebiltzarrean eginiko saioan, Iturbek uko egin dio kamiseta zentsuratzearen erabakia nork hartu zuen esateari, eta ez du erantzun ezta ea horrelako beste kasurik egon den.

Zuzendari nagusiaren aburuz, EiTBren estilo liburuari jarraiki hartu zen erabakia. Hala dio estilo liburu horrek: “ikusleek, entzuleek eta erabiltzaileek ez lituzkete horrelako mekanismoak erabili behar helburu pertsonal, komertzial edo publizitarioentzat”.

Badirudi Laudioko kasua ez dela izan bakarra. Duela hiru hilabete antzeko gertaera jazo zen Kuartangon. TVEko Aquí la Tierra programak uko egin zion bertako abeltzain bat elkarrizketatzeari, kamiseta bera zeramalako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide