Nola jaso duzue pregoilari izateko proposamena?
Guretzat saria izan da. Urte ugari talde moduan eta kulturan aritu ostean, hau saria da. Hasi gara pregoia prestatzen eta, gutxi gorabehera, ideia badaukagu. Baina, momentuz, ez dugu zehaztu. Taldeen artean landu dugu.
Zein da Itxarkundiaren egungo egoera?
Egun 160 dantzari gara eta ordubetez elkartzen gara astean behin. Adinaren arabera banatzen ditugu taldeak. Hasieratik 50 kide inguruko taldeak izan genituen urtero, baina aspaldi ume askok eman zuten izena eta talde bakoitza 70 dantzarik osatzera igaro ginen. Hortik aurrera, gero eta gehiago batu gara.
Haurrak izan dira gakoa. Amek ere erabaki zuten taldea egitea arin-arin eta fandangoa ikasteko, erromerietan dantzan aritzeko. Guztira, nik uste dut 1.000 lagunek baino gehiagok ikasi dutela Itxarkundia Dantza Taldean.
Urteurrenaren harira, hainbat ekintza antolatu duzue.
Bai, martxoan hasi ginen dantza plazekin; azarora arte, hilero, bigarren ostiralean egiten ditugu. Apirilean izan ziren ekitaldirik garrantzitsuenak: dantza plaza bereziak, Dantzari Eguna, dantza erakustaldia, argazkien erakusketa... Laudioko Jaietan antolatuko ditugu fandango, arin-arin eta aurresku lehiaketak eta iraileko Euskal Jaia baliatuko dugu bazkaria egiteko. Azaroan Korrontzirekin kontzertu berezia eskainiko dugu. Horrez gain, abenduan urteroko emanaldia egingo dugu kiroldegian, baina berezia ere izango da, Salutxu Etxebarriak sortutako taldea omendu nahi dugu eta.
Zerk eramaten du jendea Itxarkundian izena ematera?
Txikien kasuan, nik hartzen ditut 3 urterekin eta ikastolan 5 urterekin, gurasoek erabakitzen dutenaren arabera. Helduen aldetik, nagusiak gero eta gehiago dira. Askok bere garaian nahi zuten ikasi, baina ezin izan zuten arduren ondorioz. Orain euren seme-alabak nagusiak direla, badaukate denbora eta aukera aprobetxatzen dute.
Zer dantza mota lantzen duzue zuek?
Euskal dantza tradizionalak urtero irakasten ditugu. Hori ez ezik, euskal dantzak musika garaikidearekin uztartzen hasi gara. Jendeak gogoko ditu eta zerbait berezia da. 7 urte bete ditugu kiroldegian klaseak ematen.
Urte horretan hasi nintzen horrelako dantzak nahasten eta konturatu nintzen, adibidez, gurasoek eskertzen dutela beti dantza berak ez ikustea. Urtero zerbait berria eskaintzen saiatzen gara.
Euskal dantzak edonork egin ditzake?
Bai, gogoak baino ez dira behar. Norberak bere psikomotrizitatea du. Batzuei besteei baino gehiago kostatuko zaie ikastea, baina dantzen sekretua behin eta berriro errepikatzea da. Psikomotrizitatearen arabera, batzuek hobeto edo okerrago egiten dute.
40. urteurrena beteta, zein da Itxarkundiaren hurrengo helburua?
Orain arte bezala jarraitzea. Uste dut egiten dugun lana bide onetik doala.