Koadrilen Eguneko bazkaria, kolokan

Txabi Alvarado Bañares 2018ko abu. 20a, 07:00

Ehunka lagun biltzen dira Koadrilen Bazkarian. / Aiaraldea.eus

15 urte daramatza Kuxinak taldeak Koadrilen Eguneko bazkaria prestatzen. Aurtengoa izango da azken aldia, eta belaunaldi aldaketaren beharra dagoela nabarmendu dute.   

Aurtengo Koadrilen Eguneko bazkaria izango da Kuxinak koadrilak antolatuko duen azkena. Hala erabaki dute taldeko kideek. Urte luzez egon dira otordu horretako indabak prestatzen. 2003. urtean egin zuten lehenbiziko aldiz. “Lehenago Txinpartak koadrila arduratzen zen bazkaria atontzeaz, baina egiteari utzi zioten”, oroitu dute Kuxinakeko kideek.

Ñorrala koadrilak bokata-jana antolatzeari ekin zion orduan, egun horretan koadrilak elkarrekin bazkaltzeko ohitura galdu ez zedin. Kuxinak koadrilako kideak oso gazteak ziren, unibertsitate zeuden asko. “Ez genekien indabak egiten, eta 400 pertsonentzat are gutxiago”. Baina, hala eta guztiz ere, bazkaria berriz abian jartzea erabaki zuten. Laguntza izan zuten, hori bai. “Koadrilako kide baten lehengusina, Zuriñe, sukaldari profesionala zen, eta berak lagundu gintuen lehen urteetan”, azaldu dute.

Bazkaria egiteko jarraitu beharreko pauso guztiak koaderno batean bildu zituzten, aurrerantzean koadrilaren “biblia” izango zena. “Ordutik hona, urtero sartu dugu hobekuntzaren bat bazkarian, aurreko urteko balorazioan oinarrituta”.

Gorakada eta beherakada
Elizako arkupeetan egin zuten bazkaria lehen urteetan, baina laster pasa ziren institutuko frontoiko itzalpera. Azken urteetan, baina, Aldai plazan egin dute, txosnagunearen epizentroan. Jendearen partetik izandako harrera “olatu” baten modukoa izan da, Kuxinakeko kideen hitzetan. “2010. urtean 700 pertsona egotera iritsi ziren. Ordutik hona, baina, behera joan da kopurua. Gaur egun 400 pertsonakoa da bataz bestekoa”.

Belaunaldi aldaketaren beharra
Azaldu dutenez, koadrilen bazkaria egiten hasi eta gutxira ikusi zuten Jaiak Koordinakundea berpizteko beharra. “Burokrazia afera asko egin behar izan genituen bazkaria prestatzeko, eta kudeaketa hori guztia bateratzearen beharra ikusi genuen, koadrila bakoitzak berea egin beharrean”. Modu horretan sortu zen gaur egungo koordinakundea. Hala ere, belaunaldi aldaketa premiazkoa dela uste dute Kuxinakeko kideek. “Bazkaria egiten hasi ginenean ez genuen uste 35-38 urte izan arte egongo ginela antolatzen, belaunaldi aldaketa lehenago emango zela uste genuen”.

Ez dago argi datorren urtean nork hartuko duen bazkaria egiteko ardura, ez eta egingo den ere. Hala ere, Kuxinakeko kideek nabarmendu dute jarraituko dutela jaietan parte hartzen: “Bitxia izango da bazkarira jatera joatea, hainbeste urte antolakuntzan egon ostean”.

Eskerrak eman nahi izan diete urte hauetan guztietan lagundu dieten norbanakoei. “Egon da jende bat beti etorri izan dena laguntzera, patatak zuritzen, mahaiak jartzen edo tresnak garbitzen”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide