Udan nazioarteko futbolaren merkatuak bizi izan dituen mugimenduek lurrikara eragin dute Bilboko Athletic Clubean eta horrek Hodei Oleaga laudioarra hurbildu du bere helburua betetzera. 21 urteko atezaina klubeko lehen taldearekin aritu da bere postuan gertatu diren gorabeheren ondorioz.
Izan ere, Real Madrid taldeak Courtois jokalaria bereganatu ostean, Chelseak hutsune hori bete zuen Kepa Arrizabalaga fitxatuta, 80 milioi euroren truke. Txantxa ematen zuen, ondarrutarrak duela gutxi sinatu baitzuen Athleticarekin kontratu berria, Real Madridera joatea baztertu eta gero.
Halaber, kontratuen aferek, Unai Simón eta Alex Remiro atezainen egoera aldrebestu du. Izan ere, Keparekin bizitakoaren ondoren, Athleticak estu lotu nahi ditu.
Horri gehitu behar zaio Iago Herrerín balizko jokalari titularrak lesioa izan zuela. Anabasaren emaitza izan da Hodei Oleagak osatu dituela Liga hasierako deialdiak lehen taldean eta puntako jokalariekin igaro duela uda, bere aukeraren zain.
Lasaitasuna
Athleticeko atean sortu den zurrunbiloak, ordea, ez du izan eraginik Hodei Oleagan. Gazteak argi dauka bere lekua bigarren taldean dagoela, nahiz eta lehiaketaren hasieran bere tokia bestelakoa izan den.
Laudioarraren helburua da 2. B mailan askoz gehiago jokatzea. "Aurreko denboraldian Unai Simonek Espainiako selekzioarekin jokatzen zuenean bakarrik izan nituen minutuak. Lehen taldearekin pozik ibili naiz, baina oraindik ez dut jokatu, eta Bilbao Athleticak bi jardunaldi izan ditu", adierazi zuen duela astebete baino gehiago.
Hala ere, larunbatean berriro Athletic Clubaren aulkian egon zen, Real Madriden aurka, hain zuzen, eta partida bukatu bezain laster San Mameseko zelaian zegoen bere kideak zoriontzen.
Berez, Bilbao Athletic kategoria gogorrean lehiatzen da eta Oleagak nabaritzen du erritmoa, kalitatea eta exijentzia handia dela. Beraz, gustura dabil filialean eta taldean dagoen giro ona goraipatzen du: "Jende askok pentsatzen du postua eskuratu behar dugunez, ez dugula harreman onik".
Edonola ere, Oleagak ibilbide luzea egin du. CD Laudion hasi zuen bere lehen esperientzia eta 16 urterekin preferenteko taldean debuta egin zuen. Gero Athletic Clubak fitxatu zuen eta Arenas taldeari laga zion. Horren ostean, Baskonian protagonismo handia izan zuen eta aurreko denboraldian berriro Ibaigaineko diziplinara itzuli zen.